SAN MARTZIALETAKO JAIALDI KLASIKOA IKUSLEEKIN JOKATUKO DA

2021/06/25
SAN MARTZIALETAKO JAIALDI KLASIKOA IKUSLEEKIN JOKATUKO DA

Astelehenetik aurrera, 420 sarrera salmentan jarriko dira Olaizola II-Albisu eta Elezkano II-Zabaletaren arteko neurketa ikusteko. 

Nahiz eta San Martzial eta San Pedroko jaiak ez ospatu, pilotak ez du huts egingo. 1953tik etenaldi bakarra izan duen pilota jaialdiak bertan behera geratzeko arriskua izan du, baina azken egunetako dekretu berria aintzat hartuta eta kirol jardueratan zaleak %60-ko edukiera bete dezaketelarik, uzatailaren lehenean Uranzun bi pilota partidu zuzenean ikusteko beta izango da.

“Presaka aritu gara dekretu berria irakurtzen eta jakin genuenean zaleak pilotalekuan sartzeko aukera izango zutela, bi enpresekin harremanetan jarri ginen”, dio Borja Olazabalek, Irungo Kirol ordezkariak. Enpresek eskaera entzun eta erantzun bikaina eman diote, “puntako pilotariak ekarri” dituztela nabarmendu nahi izan du Inaxio Errandoneak, Aspe enpresako ordezkariak. Lehen neurketan, 18:00etatik aurrera, Elordik eta Erostarbek Arteaga II eta Larunberen aurka neurtuko dituzte indarrak eta partidu estelarrean, Olaizola II-k eta Albisuk egungo binakako txapeldunei egin beharko diete aurre, Elezkano II-ri eta Zabaletari.

Zortzi pilotari horien artean, bi nabarmentzen dira: Olaizola II. eta Jose Javier Zabaleta. Olaizola II.na final gehien jokatu dituen pilotaria da, Retegi II.-nak soilik lortu ditu goizuetarrak baino txapel gehiago. Aurrean, egun sasokoien dagoen pilotaria izango du, Zabaleta. Eskuz Binakako txapelketan, Etxarrenekoak erakustaldiz erakustaldi finalera sailkatu eta txapela eskuratu zuen eta bukatu berri den Buruz Burukoan, final erdietara iritsi eta laugarren postuan bukatu zuen. Hain zuzen ere, hirugarren eta laugarren sailkatua zehazten zuen neurketa hura Irungo Uranzun jokatu zen. Biak ala biak Uranzu birmoldatuan elkarrek aurka jokatutakoak dira, 9-22 gailendu ziren Jaka eta Zabaleta Olaizola II eta Aretxabaletaren aurrean. Elkarrekin jokatutakoak ere badira; orduan, Peñak eta Martijak 20-22 mendean hartu zituzten, CaixaBank Master Txapelketari zegokion partiduan.

Sarrerak interneten astelehenetik aurrera eskuratu ahal izango dira, www.entradasfronton.com weborrian. Aurrez aurre erosteko tartea ere izango da, jaialdia hasi baino ordu bete lehenago Uranzu pilotalekuko lehiatilan. Pandemiari aurre egiteko ezarritako neurriak beteko dira eta, ondorioz, edukiera %60-ra mugatuko da, beste neurri batzuen artean.

Uztailan hitzordu gehiago

Uzatailaren lehenkoa ez da pilotak Uranzun izango duen hitzordu bakarra. Enpresa zein Udaleko ordezkariek xehetasun gehiegi eman nahi ez zuten arren, uztailaren 18an CaixaBank Master txapelketaren baitan, neurketa interesgarri bat jasoko du Irunek. Oraindik pilotarien izenak ez ditugu ezagutzen, baina ordezkariek “maila onenean dauden pilotariak jokatuko dutela” aipatu dute.

Bada, Behe Bidasoa eskualdeko pilota zaleek badute udara ondo hasteko zenbait arrazoi.