SAN MARTZIAL SENIOR NESKEN III. ESKUBALOI TORNEOA BIHAR ARTALEKUN
Euskal Herri osotik etorritako sei taldek hartuko dute parte txapelketan
III. San Martzial Senior Nesken Eskubaloi Torneoa ospatuko da bihar, ekainaren 8an, Artalekun. Txingudi Eskubaloi Klubak antolatutako txapelketa da, Irungo Udalaren laguntzarekin, eta Euskal Herri osotik etorritako sei klubek hartuko dute parte. Helburu nagusia kirolean emakumeen parte hartzea sustatzea izanen da.
Txingudi Eskubaloi Klubak hirugarrenez antolatu du San Martzial Senior Nesken Eskubaloi Torneoa. Larunbatean ospatuko da Artalekun eta helburu nagusia emakumeen eskubaloia indartzea eta ikusaraztea izanen da aurten ere, kirolean emakumeek duten parte hartzea sustatzeko asmoz. Guztira, Euskal Herri osotik etorritako sei taldek hartuko dute parte. Etxeko Txingudi Zubiederrekin batera, Ereintza Beissier (Ereintza), Ibaizabal senior (Durango), BM Ardoi (Zizur Nagusia), Eibar Eskubaloia Senior Neskak B (Eibar) eta Stade Hendayais HB (Hendaia) ariko dira lehian lagunartekoan.
Goizean hasiko dira partiduak, 9:30ean, eta bazkaltzeko atsedenaldi baten ondotik, azken norgehiagokak jokatuko dira, hirugarren postutik seigarrenera sailkapena erabakitzeko. Azkenik, 19:00etan, finala jokatuko da, baina finalaren aitzinetik, eskubaloi egokituko neurketa ere ospatuko da, Txingudi Echemar eta Ereintza Eskubaloia talde sortu berriaren artean. Bi taldeak mistoak dira, adimen-desgaitasuna duten 30 hazte inguruz osatua eta denboraldi honetan, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak eta Kirol Egokituaren Federazioak landu duten proiekwtuaren barrenean kokatzen da. Honen ondotik, 20:00etan, sariak banatuko dituzte eta itxiera ekitaldia eginen dute.