SAN MARCIAL KLUBAK TXAPELKETA SOLIDARIOA ANTOLATU DU

2022/05/25
SAN MARCIAL KLUBAK TXAPELKETA SOLIDARIOA ANTOLATU DU

Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin elkarlanean antolatu dute eta benjamin mailako futbolariei zuzenduta egongo da

Ekainaren lehendabiziko asteburuan, 4ean eta 5ean hain zuzen ere, San Marcial klubak beste txapelketa solidario bat antolatu du, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin elkarlanean. Oraingoan, 2012 eta 2013an jaiotako benjamin mailako haurrek parte hartu ahal izango dute bertan.

San Marcial klubak bi urte daramatza futbol egokituaren proiektuan lanean, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin, Gipuzkoako Futbol Federazioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren kirol sailarekin batera. Ekainaren 4 eta 5erako antolatu duten txapelketa hau ere proiektu horren barruan kokatzen da eta honen helburua giro ona eta inklusiboa sustatzea da, baita haurrak kirola egitera bultzatzea ere.

Txapelketak Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko 28 talde batuko ditu guztira eta hainbat jarduera eta tailer antolatu dituzte dagoeneko, kirola eta aisialdia berdintasunean praktikatzeko beharraz sentsibilizatzeko eta jabetzeko. Honekin batera, lehiaketa jasangarri bat antolatzea da klubaren asmoa, hondakinak kudeatuz, edalontzi bererabilgarriak erraztuz eta bertako hornitzaileei erosiz.

Lehiaketarako sarrerak bi euroko kostua izango du eta honekin lortutako diru guztia Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioari bideratuko zaio. Sarrerek bi egunetan egingo diren zozketetan parte hartzeko balioko dute.

Informazio gehiago eskuratzeko deitu 677 70 06 12 telefonora (Jorge Vertiz) edota idatzi gestion@cdsanmarcialirun.com helbide elektronikora.