Samitierrek irabazi du Bidasoa Itzulia

2017/05/15
Samitierrek irabazi du Bidasoa Itzulia

Lizarte taldeko Sergio Samitier aragoiarrak jantzi du Bidasoa Itzuliko txapela, baina denbora berdinarekin amaitu du Colpack taldeko Matteo Sobrero italiarrak. Etapa guztietako postuak aztertu behar izan dituzte epaileek. Technics-eko Julian Mertens belgikarrak osatu du podiuma.

Igantziko Irrisarri Land-en jantzi zuen maillot horia Sergio Samitierrek, lehen etapa irabazita. Zazpi segundo galdu zituen Matteo Sobrerok Irrisarri Land-en, baina diferentzia berdina atera zion Samitierri, bigarren etapan. Italiarra izan zen lehena Hondarribiko Harresilandan, Jaizkibel mendatea gainditu ondoren.

Hirugarren etapak Orion izan zituen irteera eta helmuga. Gipuzkoako errepideetan zehar ibili ondoren, multzo handi bat heldu zen helmugara. Caja Rural taldeko Xavier Cañellas balearrak irabazi zuen etapa. Sailkapen nagusian, ordea, ez zen aldaketarik egon. Hortaz, laugarren eta azken etapak erabaki zuen itzulia, larunbatean, maiatzaren 13an.

Hainbat eraso jaso zituen Samitierrek Erlaitzeko aldapetan, eta gogotik sufritu behar izan zuen. Castrillo Lizarteko taldekidearen laguntza funtsezkoa izan zen, Erlaitzek ez zezan Samitier hondoratu.Hamar laguneko multzoa iritsi zen, azkenean, Colon ibilbidera. Sprint-ean, Marco Negrente italiarra izan zen azkarrena. Sailkapen nagusiari dagokionez, Sobrerok bi postuko errenta lortu behar zuen Samitierrekiko, itzulia irabazteko. Bakarra atera zion, ordea. Beraz, Lizarteko aragoiarrak jantzi zuen txapela.