Sailkapeneko bosgarrena menderatu du Erroibidek
ERROIBIDE-IRUN: Izaro Alza (9), Cristina Gonzalez (9), Maialen Ramirez, Estrella Gonzalez, Leticia Martinez (9), Saioa Altzaga (17), Leire Oregi (10), Nerea Saenz (4), Saray Arozena (6).
Azken jardunaldietako hobekuntzari jarraipena eman dio Erroibide-Irunek. Igande eguerdian Burlataren aurka irabazi zuen Artaleku kiroldegian. Lehiarako gaitasuna eta konfiantza erakutsi zituen Erroibidek, azken laurdenean irauli zuelako markagailua, neurketa osoan zehar atzetik ibili ondoren. Hasieran erritmo bizia ezarri zuten nafarrek, eta erraztasun handiarekin lortu zuten baloia saskiratzea. Bigarren laurdenean defentsa estutu zuten irundarrek, markagailuko aldea murrizteko (30-36).
Hirugarren laurdenean jokoa gogortu zuten bi taldeek, eta neurketa are gehiago orekatu zen (43-46). Azken hamar minutuetan zehar zortzi aldiz irudikatu zuen markagailuak berdinketa. Minutu erdia falta zela, 62-62koa zen emaitza. Burlatak erasoa antolatzeko hutsartea eskatu zuen, baina ez zuen eraginik izan. Baloiak ez zuen saskirako bidea aurkitu, eta kontraerasoan Letizia Martinezi falta egin zioten. Bi jaurtiketa libreak sartuta, garaipena eskuratu zuen Erroibide-Irunek.