Sailkapeneko aldea agerian utzi du Hendaiak azkenaren kontrakoan

2019/01/08
Sailkapeneko aldea agerian utzi du Hendaiak azkenaren kontrakoan

Argelès azken sailkatuak jipoia jaso zuen igandean Ondarraitzen. Hendaiak lider indartsuaren moduan jardun zuen, sailkapeneko aldea berdegunean ere islatuz. Hogeita hamabost segundo besterik ez zituen behar izan Labagueriek lehen entsegua egiteko. Ordu laurdena betetzerako, hiru lortu zituen Hendaiak. Erritmoa mantsotu zuten ondoren xuriek, eta atsedenaldira bitarte itxaropen apurra eman zion Argelèsi (28-7).

Bigarren zatian, aldiz, garaipena eta erasoko bonusa lehenbailehen ziurtatzeko asmoz irten ziren etxekoak. Indarra eta zehaztasuna doitu eta aurkariaren defentsa birrindu zuen Hendaiak. Fédérale 2ko zortzigarren multzoko sailkapenaren buruari eutsi dio talde bidasoarrak. Datorren igandean ere etxean ariko da, Morlaàs-en kontra eguraldiaren ondorioz atzeratutako neurketan (Ondarraitz, 15:30).

 

Bigarrena ere menderatu du Zaisa-Irunek

Momentu bikainean dagoela berretsi zuen larunbatean Zaisa-Irun Rugby Taldeak. Sailkapeneko bigarren tokian dagoen Uribealdea B gainditu zuen Plaiaundin (31-5). 8.minutuan egin zuen talde bizkaitarrak entsegu bakarra. Hortik aurrera, etxekoak nagusi izan ziren. Seigarren garaipena du segidan Irungo taldeak. Larunbatean Getxon ariko dira beltzak, bigarren sailkatuaren etxean (17:45).