RUDY SERIK BIDASOA UTZIKO DU

2020/05/12
RUDY SERIK BIDASOA UTZIKO DU

 Sacyr Asobal Ligan jokatzeko eskaintzak zituen arren, Frantziako Lehen Mailara igo berri den Cesson taldean jokatuko du datorren denboraldian 

Ezker hegalean aritzen den Rudy Serik ez du datorren denboraldian Bidasoan jokatuko, Frantziako Lehen Mailarako igoera lortu duen Cesson talde bretoian arituko da.

Albistea Cesson taldea berak eman du, Rudy Seri lehen mailako fitxaketatzat jotzen dute hain zuzen. Komunikatuan Serik Sacyr Asobal Ligan jokatzeko aukerak izan dituela aipatzen du, “Ademar de Leonek eskaintza bat luzatu zidan, baita Frantziako Lehen Mailako hainbat taldek ere, baina azkenean Cessonek egindako proposamena onartu dut”.

Paristarrak datorren ekainaren 30ean bukatzen zuen Bidasoarekin zeukan harreman administratiboa, bere sorterrira itzuli nahi zuen, eta Cesson “nire mailarik onena berreskuratzeko toki polita dela”, uste du.

Bidasoak Seriri datorren denboraldian berarekin kontatzen ez zuela formalki komunikatu zion, izan ere, bere lehen denboraldia ondo hasi bazuen ere, ez du Jacobo Cuetararen jokatzeko eran bere tokia aurkitu.