REKARTE HARAKINTZAK REAL UNIONEN BABESLE IZATEN JARRAITUKO DU

2023/01/27
REKARTE HARAKINTZAK REAL UNIONEN BABESLE IZATEN JARRAITUKO DU

Klub txuribeltzak eta Irungo enpresak 2023ko abendura arte luzatu dute akordioa

Real Unionek eta Rekarte Harakintzak euren arteko akordioa luzatu berri dute, 2023ko abendura bitarte. Honen arabera, Gipuzkoako enpresak klub txuribeltzaren babesle izaten jarraituko du bertze urtebetez.

Rekarte Harakintzak Bidasoa auzoan du egoitza eta Meaka auzoko Meazuri kalean berriz, denda. Kalitate eta erreferentzia handiko haragi-produktuak dituzte bertan. Haragi gorriaz gain, txahal arrosa nazionala, txahal zuria, bildots nazionala, Arandako arkumea, Segoviako txerrikumea eta bezeroen sukaldeetarako beharrezkoak diren bertze produktu ugari lantzen dute euren harategietan.

Joxe Rekarte, enpresako ordezkaria, 14 urterekin hasi zen uda batez harategi batean lanean, geroztik “uda hori ez zen inoiz amaitu”, erran du harakinak berak. Hamabi urte beranduago, 1986an, bere harategi propioa ireki zuen Mila Telletxea emaztearekin batera. Orduz geroztik, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko taberna eta jatetxeetan aritu da eta familiaren negozioak gora egin du, Imanol eta Andoitz semeen sartzearekin.

Irungo enpresak, gainera, Herbehereetatik, Alemaniatik eta Poloniatik ekarritako haragiekin egiten du lan, eta hauek ebakiak eta hezurrak eskaeraren gainean egiten direla aipatu du Rekartek berak: “Zenbat eta denbora gutxiago igaro ebakitako eta hutsean ontziratutako produktua, orduan eta hobeto”.

Dendaz gain, internet bidezko salmenta ere eskaintzen du Rekartek. www.carnesrekarte.com webgunearen bitartez, edozeinek jaso ditzake etxean bertako haragiak.