REALE ARENAN JOKATUKO DA SANSE ETA REAL UNIONEN ARTEKO NEURKETA
Datorren otsailaren 11n jokatuko da derbia eta, Zubietan beharrean, donostiarren lehen taldearen zelaian ospatuko da
Real Union Klubetik jakinarazi dutenez, talde txuribeltzaren eta Sanseren arteko neurketa Reale Arenan jokatuko da. Otsailaren 11n ospatuko da partidua eta Lehen Federazio mailako 23. jardunaldia izanen da. Iragarri duten moduan, Zubietan beharrean, donostiarren lehen taldearen zelaian jokatuko da derbi gipuzkoarra.
Arratsaldeko 19:00etan hasiko da Sanse eta Real Unionen arteko norgehiagoka, baina 18:00etatik aitzinera irekiko dituzte ateak zaleak sar daitezen. Klub txuribeltzak aitzindu duenez, ikusleak 10. eta 11. ateetatik sartu beharko dira. Sarrerak ere dagoeneko salgai daude esteka honen bitartez: https://ticketing.realsociedad.eus/#/open/eventshome. Ekialdeko Harmaila Baxuko eserlekuak eros daitezke, 20 edo 12 euroan helduentzat, eta 6 euroan 14 urtetik beherakoentzat.