REAL UNIONGO EHUN BETERANO ELKARTU ZIREN URTEKO BATZAR NAGUSIAN
Beteranoen 44. Ohiko Batzar Nagusian aho batez onartu zituzten puntu guztiak
Real Uniongo Beteranoek 44. Ohiko Batzar Nagusia ospatu zuten pasa den larunbatean, martxoaren 11n. Garai guztietako ia ehun beterano elkartu ziren bertan eta urteroko egitaraua errepikatu zuten, betiko moduan, omenaldiz betetako eguna ospatzeko.
San Jose Langilearen parrokian ospatutako hildako lagunen omenezko mezarekin hasi zuten eguna Real Uniongo Beteranoek. Ondotik, 44. Ohiko Batzar Nagusia ospatu zuten eta bertan, gai zerrendako puntu guztiak aho batez onartu zituzten.
Eguna borobiltzeko, bazkaria ospatu zuten Iñigo Lavado jatetxean. Bertan izan ziren Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Igor Emery Real Uniongo Administrazio Kontseiluko lehendakaria ere. Biak ala biak azpimarratu zuten Beteranoen Elkarteak egiten duen lana eta alkateak, bereziki, eskerrak eman zizkien jaso zuen babesagatik.
Juanjo Aldako, I. Victor Zabalo Saria
Beteranoen aurtengo bileran ere berritasunak izan dira. Hain zuzen ere, sari bat sortu dute Victor Zabalo elkarteko presidente izan zenaren omenez. Hemendik aitzinera, Beteranoen eguna probestuko dute inguruko pertsona edo erakunde bati saria banatzeko, denen aldeko jarduerak antolatzeagatik eta beraz, horregatik beragatik aitortza egiteko helburuarekin.
Aurtengo I. Victor Zabalo Saria Juanjo Aldakok, Kurpil Kiroleko presidenteak, jaso zuen "bere giza balioen aitorpen gisa eta borrokarako eta konstantzia espiritu goraipagarri gisa”. Aldako 1984tik da pilota elkarteko lehendakaria eta Real Uniongo Beteranoen Elkarteak nabarmendu zuenez, "Kurpil Kirolakeko presidente gisa, Aldakok duela hamarkada batzuetatik hona eskualdean pilota sustatzen egiten duen lana” aitortu nahi izan zuten, “bere garaian jokalari unionista izateaz gain”. “Gure Zabalo oroituaren ezaugarri ziren ahalegin, pertseberantzia eta kemenaren balio eredugarriak irudikatzen ditu, horiek gabe, ez bailitzateke jardunaldi hau ospatuko”, bukatu zuten elkarteko kideek.