REAL UNIONEN BIGARREN TALDEAK UGALDEN JOKATUKO DU

2021/02/16
REAL UNIONEN BIGARREN TALDEAK UGALDEN JOKATUKO DU

Larunbatean, 17:00etan, denboraldiko bigarren jardunaldia jokatuko du SD Euskaldunaren aurka.

Real Unionen harrobiko taldeak Ugalden jokatuko ditu etxean jokatu behar dituen neurketak, horrela adierazi du gaur bertan Real Union klubak. Ugaldeko kirol instalazioak, gaur egun, Mariño Kirol Elkartean kudeatzen ditu eta bertan, Mariñoren talde desberdinetaz gain, Landetxa Kirol Taldeko taldeak eta Real Unioneko lehen taldea ere entrenatzen dute.

Gorka Etxeberriak, Real Unioneko kirol-zuzendariak, Irungo Udaletxearen, Mariño Kirol Elkartearen eta Landetxaren jarrera goraipatu nahi izan du: “eskerrak eman nahi dizkiet akordioetara iristeko erakutsi duten jarrera irekiarengatik”. Azpimarratu nahi izan du hiru kluben arteko harremana “oso ona” dela eta “elkarlanean jarraituko” dutela. Etxeberriak aitortu du neurketen eta entrenamenduen ordutegiekin “arazoak· egon litezkela, baina arazo guzti horiek “erarik onenean konponduko” dituztela sinesten du.

Real Union B-k pasaden asteartean Ohorezko Erregional mailako bigarren jardunaldia prestatzen hasi zen. Lehen jardunaldia urrian jokatu zuten eta Touringen aurka 0-2 gailendu ziren irundarrak. Esan bezala, hiru hilabete pasa ondoren, larunbat honetan, Real Unionen harrobiko taldeak SD Euskalduna jasoko du, Ugaldeko futbol-zelai eraberrituan.