Real Unionen aste gogoangarria

2015/05/07
Real Unionen aste gogoangarria

Borobila izan zen 2015eko apirilaren 13tik 19rako astea Real Unionentzat. Zale txuribeltzek ez dute nola hala ahaztuko. Federazio Kopa altxa zuen ostegunean Unionek, Castelló Stadium Galen mendean hartuta (3-0). Ospakizunen eta omenaldien ondoren, garaipen handia lortu zuten txuribeltzek igandean ligan, Real Madril Bren aurka (3-2). Bigarren Mailara igotzeko faserako sailkatzea bideratuta utzi zuten horrela. Denboraldi bikaina osatzen ari da Real Union klubaren mendeurrenaren urtean.

Aste berezia izan zen hasiera-hasieratik. Komunikabideek ezohiko arreta eskaini zioten Real Unioni. Klubak prentsaurreko instituzionala deitu zuen astearterako. Ricardo García presidenteak eta taldeko kapitainek egin zuten agerraldia, Federazio Kopako finalaren garrantzia azpimarratzeko eta zaleen babesa eskatzeko. “Ligaren eta Errege Koparen ondoren, estatuko hirugarren lehiaketa dela esan daiteke”, gogoratu zuen Ricardo Garcíak. Bazkideei zelaira bina lagun gonbidatzeko aukera eman zieten, Stadium Gal betetzeko asmoz. Palkoa gainezka egongo zela behintzat, argi zegoen. Espainiako Federazioak ordezkaritza handia bidali zuen Irunera, Angel María Villar presidentea buru zela. Vicente del Bosque espainiar selekzioko entrenatzailea ere izan zen Stadium Galen.


Giroa berotzen ari zen arren, mezu lasaia eman zuen Aitor Zulaika entrenatzaileak partiduaren atarikoan: “Guk betiko lana egingo dugu. Aurkariak baino gol bat gehiago sartzen saiatuko gara”. Joaneko partidako 0-1ekoa alde zuen arren, Unionek ez zuen emaitzarekin espekulatu. Indartsu irten zen berdegunera, garaipenaren bila. Hiru minutu besterik ez zituen behar izan Mujikaren golari esker markagailuan aurretik jartzeko. Hortik aurrera, norgehiagoka menpean izan zuten txuribeltzek. Joko ikusgarria egin gabe ere, kontrolpean eduki zuten Castelló. Mikel Alonsok erabaki zuen finala 72. minutuan, Juan Domínguezen pase bikaina jaso ondoren. Hirugarrena Iñaki Goikoetxeak sartu zuen, falta baten aldaratzean, ospakizunari atea irekitzeko.

Irudi ederrak utzi zituen finalaren ondokoak. Xabier Oterminek, Real Unionekin partida gehien egin dituen jokalariak jaso zuen Federazio Kopa. Taldekideekin elkarbanatu zuen ondoren, Galeko zelaian inprobisatutako ospakizunean. “Mendeurrenean Kopa irabaztea eta historia egitea zoragarria izan da. Galera etorri den jende guztiari eskaini nahi diogu, bagenekien zaleek erantzungo zutela”, adierazi zuen Jon Arzamendi jokalariak. Gazteen ilusioa irudikatu zuen hogeita bi urteko donostiarrak. Futbolean ibilbide luzea egin duen Mikel Alonsok, aldiz, baieztatu zuen taldeko beteranoentzat ere lorpen handia izan dela Federazio Kopa: “Oso pozik gaude. Urte osoa daramagu lanean horrelako gauzak gertatzeko. Egun polita da gaurkoa, disfrutatu behar dugu”.

Kopako garaipena, ligarako bultzada

Prentsaurrekoan, bere laguntzaile guztiekin irten zen Aitor Zulaika entrena-tzailea, eta Kopan parte hartu duten 29 jokalariak gogoratu zituen, banan-banan. Josu Ibarbia, Alex Iriondo eta Iñigo Urbieta azpimarratu zituen, Kopan maila handia eman duten arren finalean jokatzeko aukerarik izan ez zutelako. Taldearen indarra azpimarratu zuen: “Partidaren aurretik jokalariei esan diet: banaka izugarriak zarete; baina taldean, ezin hobeak”. Lanean jarraitzeko konpromisoa hartu zuen Aitor Zulaikak, aurtengo liga bukatzerakoan Galen festa gehiago izan daitezen: “Argi daukat Kopa irabaztearen ondorengo emozioa ondo bideratuko dugula. Energia, pasioa eta ilusioa emango dizkigu, liga ondo bukatzeko”.

Hurrengo urratsa, behintzat, sendo eman zuen taldeak. Real Madril Castillaren kontrako garaipenarekin amaitu zuen astea Real Unionek. Aurkari gogorra da Zinedine Zidanek zuzentzen duena. Maila handiko jokalariak ditu, fisikoki indartsuak eta finak, teknikari dagokionez. Zale txuribeltzek harmailak bete zituzten berriro, eta jokalariek sortutako ikusmirari erantzun zioten. Bi aldiz markagailuan aurrea hartu ondoren berdinketa jaso eta gero, hirugarren gola sartu eta hiru puntuei eusteko gai izan ziren. Ligako azken hilabetean lehia bizia izango da oraindik. Edonola ere, Real Unionek ondo bideratuta dauka play off-erako sailkatzea. Ezusteko handirik ez baldin bada behintzat, igoera fasean parte hartuko du Zulaikaren taldeak. Lortzen baldin badu, denboraldiaren balorazioa hamarretik gertu ibiliko da.