Real Unioneko lehen taldea Hendaiara doa belarretan entrenatu ahal izateko
Real Unionek jakinarazi duenez, lehen taldearen entrenamenduetarako erabilko dute Beltzeniako futbol-zelaia, eta horren truke Bixente Lizarazu estadioaren mantenimenduaz arduratzeko konpromisioa hartu du Hendaiako herriko etxearekin, talde hendaiarrek bertan partida ofizialak baldintza egokietan joka ditzaten.
Akordioa publiko egin dute Beltzenian bertan egindako izenpedura ekitaldi ofizial batekin. Bertan Igor Emery Real Unioneko presidenteak, Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak, Kiroletako udal ordezkaria Jean-Michel Arruabarrenak eta Les Eglantins klubeko presidenta Marie-Laure Garciak hartu dute parte. Igor Emeryk 2021ean klubaren akziodun nagusia bilakatu zenez geroztik, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko futbol klub desberdinekin harremanak estutu ditu. Eta Real Unionek epe luzera begira duen proiektu estrategikoa sendotze horretan mugaz gaindiko harremanak indartzeko ez ezik, lehen taldeak Irunen dituen kirol instalazio gabeziak estaltzeko urrats garrantzitsu bat eman du hitzarmen honi esker.
Argitu dutenez, hitzarmena uda aurretik hasi ziren negoziatzen. Klub irundarrak zuen beharrari erantzuteko aukera bakarra Hendaiara jotzea zela ohartuta, beste alternatiba batzuk aztertu zituzten, Les Eglantinsek erabiltzen dituen Sopiteko entrenamendu eremua, adibidez. Baina azkenean Bixente Lizarazu hautatu dute.