REAL UNIONEKO JOKALARI OHIAREN GOLAK TXURI-BELTZEN PORROTA ERAGIN DU
Aimar Sagastibeltzak, Real Union taldeko atzelaria zenak, Amorebietaren aldeko gola erdeitsi du, eta beraz, hiru puntuak Urritxeko zelaian geratu dira.
Real Unionek ezin izan du ezer atera Urritxeko bisitatik. Irundarrek goi-postuetan finkatzeko erregultasuna eskuratu gabe jarraitzen dute. Hain zuzen ere, gaurko arerioak, Amorebietak, 14 punturekin sailkapeneko liderrak bilakatu dira.
Erritmo handiko neurketa izan da, baina bi taldeek ez dute aukera argirik izan. Lehen ordu erdian, Mikel Alvaroren burukada bat eta jaurtiketarik izan ez duen Mario Capeleten erdiraketa bat izan dira jokaldi esanguratsuenak. Atsedenaldira joan aurretik, korner bidez, Real Unionek lehen zatiko aukerarik argiena izan du: Ivan Perez atzelariak Mikel Saizarren atera jaurti du, baina honek baloia geratzea lortu du. Erantzuna Koldo Obietaren eskutik izan da; izan ere, korner baten erdiraketa baliatu du errematea egin eta baloia zutoinera bidaltzeko.
Aitor Zulaikak Amorebietaren sistema geratzeko eta zituen bajak egokitzeko, taldearen marrazkia 5-3-2 sistemara aldatu du; bigarren zatian, aldiz, denboraldi hasieran ohikoen izan duen marrazkira bueltatu da, hau da, 4-4-1-1 joko-erara. Aldaketak onera baino, okerrera egin du. Amorebieta nagusi izan da bigarren zatian, Obietak eta Aldalurrek gola egiteko imintzioen ondoren, Aimar Sagastibeltzaren gola iritsi da. Oso gaizki defendatutako korner batean, Real Unioneko jokalari ohiak baloi buruz sarera bidali du.
Zubietan kaleratua izan ostean, Aitor Zulaikaren ordez, Joseba Agirre izan da talde txuri-beltzaren burua. Aldaketen bidez Real Union erreakzionatzen saiatu da, baina irundarren saiakera xumeak Amorebietaren defentsa sendoak bikain oztopatu ditu. Hala ere, neurketako azken minutuan Kun Temenuzhkovek berdinketa lortzeko aukera izan du. Falta jaurtiketa ederra jaurti du jokalari bulgariarrak, baina Mikel Saizarren erantzun bikaian eman dio eta hiru puntuak Urritxen geratzea ahalbidetu du.