REAL UNIONEK URTEKO LIGAKO AZKEN NEURKETA GALDU EGIN DU
Barcelona izan da urteko azken aurkaria talde txuribeltzarentzat eta 2-1eko markagailuarekin galdu zuen atzo bere aurrean
Real Unionek urteko Ligako azken partidua jokatu zuen atzo Barcelona B-ren kontra. Johan Cruyff zelaian aritu ziren bi taldeak eta etxekoen nagusitasuna islatu zen markagailuan neurketaren bukaeran. Talde txuribeltzak berdinketarekin amestu bazuen ere, kataluniarrek 2-1 irabazi zuten eta jardunaldiko puntuak ere eurentzat izan ziren.
Barcelonaren nagusitasuna agerian gelditu zen atzoko partiduan. Lehen 45 minutuetan eurek agindu zuten zelaian eta markagailuan aurreratzeko aukerak ere beraiek sortu zituzten. Hala ere, Irazustaren lan onak kataluniarrek, atsedenaldira bitarte, golik ez sartzea ahalbidetu zuen. Hala ere, azken minutuan, Luismi Cruzek hegaletik jokaldia egin eta 1-0ekoa ezarri zuen lehen zatiaren bukaera.
Bigarren zatian eskema bera errepikatu zen. Etxekoek izan ziren partidaren buruzagi eta markagailuan tartea irekitzeko abagune gehienak ere beraienak izan ziren. Irundarrentzat norgehiagoka gogortzen ari zenean ordea, 70. minutuan, Jon Anderrek 1-1ekoa ipini zuen, Nacho Sanchezek egindako erdiraketa bati esker. Hala ere, etxekoek ez zituzten besoak jaso eta bigarren gola sartu zuten hamar minutu beranduago. Talde txuribeltzeko jokalariak berdinketa eskuratzen saiatu ziren luzapenean ere, baina ez zuten aterik aurkitu.
Sailkapenean punturik batu gabe bukatu du urtea Real Unionek. Hala ere, oraindik azken partida bat jokatuko dute Stadium Galen. Hain zuzen ere, Kopako neurketa ospatuko dute txuribeltzek astearte honetan (abenduak 20), 21:00etan, RCD Mallorcaren kontra.
(Argazkia: Barça Atlètic)