REAL UNIONEK U.D. SANSE JASOKO DU BIHAR STADIUM GALEN

2022/03/18
REAL UNIONEK U.D. SANSE JASOKO DU BIHAR STADIUM GALEN

Talde txuribeltzak denboraldiko 28. jardunaldia jokatuko du etxean U.D. Sanse taldearen aurka

Real Unionek bihar denboraldiko 28. jardunaldia jokatuko du etxean, Stadium Galen. Oraingo honetan, U.D. San Sebastian de los Reyes taldea jasoko du, arratsaldeko 19etan. Bi talde hauek azaroaren hasieran aritu ziren aurrez aurre eta, orduan, irundarrek 0-2ko markagailuarekin menderatu zituzten madrildarrak.

Txuribeltzek Sanseren kontra jokatu zuten azken partidu hau aintzat hartuko dute biharkoari aurre egiteko. Hala ere, geroztik, neurketa asko jokatu dituzte bi taldeek ere eta beraz, Aitor Zulaikak azpimarratu duen moduan, garrantzi gehiago emango diete azken aldian madrildarrek zelairatu duten jokoari: “Kontuan hartuko dugu aurreko neurketa, baina ez emaitzagatik, emaitza lortzeko egin genuenagatik baizik. Pentsatzen dut beraiek ere kontuan hartuko zutela hau. Egia esan denbora dezente pasatu da geroztik, eta azken hilabeteetan jokatu dituzten partiduei begiratuko diegu. Ez dute jokatzeko modua asko aldatu, baina honi begira ari gara gehiago, emaitza lortzeko egin genuenarekin batera”.

Talde irundarrak aste guztia pasatu du neurketa hau prestatzen, eta Zulaika oso pozik azaldu da astearen bilakaerarekin: “Aste hau nahiko positiboa izan da, jende berreskuratzen ari gara eta entrenamenduetan betiko moduan gabiltza lanean”. Entrenatzaile eta jokalariek “kontzeptu tekniko berriak landu behar dituztela”, aipatu du azpeitiarrak, “aurrean gauza desberdinak izango ditugulako”. Etxekoek, batez ere, madrildarren jokatzeko moduan jarri dute arreta. “Sansek partiduaren %90a hiru zentralekin jokatzen du eta, marrazkitik at, ikusi behar dugu non estutuko diguten, nola estutuko diguten eta zer egiten duten baloiarekin”, onartu du prestatzaileak.