REAL UNIONEK SD LOGROÑES MENDERATU ZUEN
Real Unionek 2-1 irabazi zuen SD Logroñes taldearen aurrean eta sailkapeneko bostgarren postuan kokatu da 40 punturekin
Txuribeltzek, 84 egun geroago, berriz ere garaipena eskuratu zuten etxean SD Logroñes taldearen aurka, 2-1eko markagailuarekin. Aragoiko aurkaria menderatuta, Real Union sailkapeneko bostgarren postuan kokatu da, 40 punturekin guztira.
Neurketa hasi eta lehenengo aukera SD Logroñesek izan zuen, lehenengo zatiaren 8. minutuan. Hala ere, ez zuten asmatu eta Sequeira atezainak baloia gelditzea lortu zuen. Sei minutu beranduago, aurkariek akatsak egiten jarraitu zuten eta honen ondorioz, Real Union aurretik jarri zen markagailuan. Izan ere, Oyarzunek baloia erdiratu eta Senarrek errematatu behar zuenean, Logroñeseko Arnedok gola sartu zuen bere atean. Horrela, 1-0ekoarekin atsedenaldira iritsi ziren bi taldeak.
Bigarren zatian berriz, aurkariak jokalari bat gutxiagorekin gelditu ziren, Albisuak bigarren txartel horia jaso eta kanporatua izan zelako. Real Unionek, hau aprobetxatuta, bigarren gola sartzeko ahaleginetan jarraitu zuen eta 78. minutuan lortu zuen. Oyarzunek berriz ere kornerretik jaurtiketa egin eta Mikel Praderak buruz errematatu zuen, baloia sarera sartuz. Zazpi minutu beranduago ordea, SD Logroñes markagailuan hurbildu zen, Calderonek sartutako golarekin, eta berdintzeko aukera ere izan zuten azken minutuetan, baina Sequeiraren lanak bere fruituak eman eta Real Unionen garaipena mantentzea lortu zuen.
Honekin guztiarekin, irundarrek hurrengo asteburuko partidua sailkapeneko bostgarren postuan hasiko dute, 40 punturekin guztira. Igandean izango da hori, Real Racingen aurka, El Sardinero zelaian arratsaldeko 17etan.
(Argazkia: Haimar Marcos)