REAL UNIONEK ROCA TALDEAREN INGURUKO LIBURUA KALERATU DU
“Ecos del Roca” izenburupean, Roca talde historikoaren sorrera kontatu dute liburuan
Real Unionek “Ecos del Roca” liburua kaleratu berri du, Roca talde historikoaren sorrera kontatzen duena. Bigarren taldearen mendeurrena ospatzeko egindako ekimena da eta pasa den ortziralean, ekainaren 7an, aurkezpen ofiziala egin zuten Irunen.
“Ecos del Roca” izeneko liburua kaleratu du Real Unionek eta bertan, Roca talde historikoaren sorrera eta mende oso batean izandako ibilbidea kontatzen saiatu dira, haibat protagonistek lekukoak bilduz. Lanaren aurkezpen ofiziala ere egin zuten pasa den ortziralean, ekainaren 7an, eta mahai-inguru bat ospatu zuten horretarako. Bertan, Gonzalo Arconada (Real Unióneko entrenatzaile ohia), Juan Luis Larrea (FGF-GFFko presidente ohia) eta Juan Pedro Harocarene (Rocako jokalari ohia eta Teledonostiko “Kirolak Gaur” programako zuzendaria) izan ziren, Iñigo Morondok (El Diario Vasco) zuzenduta.
Horrez gain, Real Unióneko eta Real Unióneko Beteranoen Elkarteko presidenteak izan ziren, Igor Emery eta Josean Legorburu, baita Irungo alkate Cristina Laborda, erakundeetako ordezkariak, eskualdeko klubak eta Rocako presidente ohiak, entrenatzaile ohiak eta jokalari ohiak ere. Horien artean Manolo Encinas atezain ohiak, ordezkari historiko zaharrena izanda, obraren lehen alea sinbolikoki jaso zuen.