REAL UNIONEK PUNTU BAT EKARRI ZUEN LAS GAUNAS ZELAITIK
Solísen eskutik ailegatu zen txuribeltzek markagailuan berdintzeko baliatu zuten gola
Real Unionek banako markagailua erdietsi zuen pasa den larunbat arratsaldean Las Gaunas zelaian, SD Logroñes taldearen kontra. Lehen zatian aitzindu ziren etxekoak, Saladoren eskutik, eta txuribeltzek bigarren zatiaren hasieran markagailua berdintzea lortu zuten. Garaipena eskuratu ez bazuten ere, Idiakezen mutilentzat baliagarria izaten ahal da lortutako puntua.
Lehen zatian aukera pare bat eduki zuen Real Unionek markagailua bere alde jartzeko. Bostgarren minutuan, Benitok buruz jaurti zuen baloia, baino Martí atezainak geldiketa ona egin zuen. Hurrengo abagunean, zortzi minutu beranduago, Escobarrek errematatu ahal izan zuen jokaldia, baino baloia kanpora joan zen zutoinean jo ondotik. Hogeigarren minutuan berriz, etxekoek aprobetxatu zuten gola sartzeko aukera. Dani Garridok erdiraketa egin eta Saladok baloia sare barrura sartu zuen. Atsedenaldia baino lehen, neurketa berdintzeko aukera izan zuen Real Unionek, baina berriz ere atezainak lan ona egin zuen.
Bigarren zatiaren hasieran ailegatu zen berdinketaren gola. 47. minutuan, Solísek sartu zuen gola eta banakoa ezarri zuen markagailuan. Segidan, etxekoak jokalari bat guttiagorekin gelditu dira eta hori aprobetxatu nahi izan zuten txuribeltzek bigarren gola eta garaipena eskuratzeko. Hala ere, ezin izan zituzten aukerak errematatu eta neurketa berdinketarekin bukatu zen, puntuak bi taldeen artean banatuta.
Garaipenaren beharretan, Real Unionen hurrengo hitzordua larunbatean izanen da, martxoaren 30ean, 18:00etan, CD Teruelen kontra.
(Argazkia: Alfredo Ruiz)