REAL UNIONEK PUNTU BAT ATERA ZUEN BARÇA ATLÉTIC TALDEAREN KONTRAKO PARTIDUTIK
Talde txuribeltzak hutsera berdindu zuen kataluniarren kontra, partidu on bat jokatu ondotik
Real Unionek hutsera berdindu zuen, igande arratsaldean, Barça Atlétic taldearen kontra. Garaipena merezi bazuen ere, Irungo taldeak ezin izan zituen hiru puntuak etxean irabazi eta beraz, zapore gazi gozoarekin bukatu zuten asteburuko jardunaldia.
Eguraldi kaskarrarekin, baina zaleen berotasunarekin, ekin zion Real Unionek Barça Atlétic taldearen kontrako partiduari. Zelaia putzuz betea zegoen, asteburuko euriteen ondorioz, eta aireko baloiak izan ziren nagusi 90 minutuetan zehar. Hala ere, talde txuribeltzak bere lekua aurkitu zuen etxeko berdegunean eta gehiago izan ziren lehen minutuetan.
Bigarren zatian ailegatu zen, edonola ere, gola egiteko lehen aukera garbia. 62. minutuan, Escobarrek korner bat errematatu egin zuen, baina atezainak ongi gelditu zuen baloia. Lau minutu beranduago, area kanpotik egindako jaurtiketa bat ere atea aurkitzeko zorian egon zen, baina ez zen posible izan. 68. minutuan Benitok izan zuen gola bere hanketan, baina atezaina gainditu eta ezin izan zuen atean asmatu. 73. minutuan, jokaldi polemikoa ailegatu zen. Ivan Perezek errematatu eta Escobarrek baloia sare barrura bidali zuen. Hala ere, epailea jokoz kanpoko jokaldia izan zela erabaki zuen eta gola deuseztatua gelditu zen. Azkenean, 87. minutuan, Benitok izan zuen berriz ere markagailuan aitzina hartzeko aukera, baina baloiak langa jo zuen.
Gehiago merezi zutenaren sentsazioarekin bukatu zen neurketa irundarrentzat, eta puntu bat batuta, heldu den asteburuari begira jarri dira dagoeneko jokalariak. Heldu den larunbatean, martxoaren 9an, Rayo Majadahonda bisitatuko dute txuribeltzek, 16:00etan.
(Argazkia: Barbara Duarte Fotografia)