REAL UNIONEK PORROTA JASO ZUEN PONFERRADINAREN KONTRA

2024/05/13
REAL UNIONEK PORROTA JASO ZUEN PONFERRADINAREN KONTRA

Talde txuribeltzak 2-1 galdu zuen Ponferradan eta orain, azken bi jardunaldiak gelditzen zaizkio maila mantentzeko helburua lortzeko

Real Unionek porrota jaso zuen pasa den igande eguerdian Ponferradinaren kontra. 2-1eko markagailuarekin galdu zuen talde txuribeltzak eta oraindik ere maila mantentzeko borrokan segitu beharko du. Denboraldiko azken bi jardunaldiak gelditzen dira horretarako, horietako lehena heldu den larunbatean etxean.

Lehen zatiko hamabigarren minutuan aitzindu zen etxeko taldea, Borja Vallek sartutako gol baten bidez. Real Unionek segidan erantzun zuen eta hurrengo jokaldian, penalti bidez, Riverok berdindu zuen markagailua. Partiduaren erritmoa moteldu zen orduan, baina Ponferradina berriz ere estutzen hasi zen. Errematatu ezin izan zuten pare bat jokaldiren ondotik, berriz ere Vallek asmatu zuen atean eta atsedenaldira, 2-1ekoarekin joan ziren bi taldeak.

Bigarren zatian Real Union saiatu zen emaitza berdintzen. Vidorretak area kanpotik egin zuen jaurtiketa, baina gora joan zitzaion. Horrela, 2-1eko markagailuarekin bukatu zen neurketa eta puntuak ere Ponferradan gelditu ziren. Denboraldiko azken bi jardunaldiak gelditzen zaizkio jokatzeko talde txuribeltzari eta beraz, azken bi aukerak maila mantentzeko helburua lortzeko. Horietako lehena, heldu den larunbatean (maiatzaren 18an) Galen, etxeko azken partidua izanen dena. Fuenlabrada jasoko dute orduan, 19:00etan. 

(Argazkia: SD Ponferradina)