REAL UNIONEK PORROTA JASO ZUEN ETXEAN ARENTEIROREN KONTRA
Epaileak erabakitako penalti batek baldintzatu zuen atzo eguerdian jokatutako partidua
Real Unionek ezin izan zuen Arenteiro garaitu, atzo eguerdian Stadium Galen jokatu zen partiduan. 1-2ko markagailuarekin galdu zuen talde txuribeltzak, epaileak erabakitako penalti batek baldintzatutako partiduan.
Real Unionek ongi hasi zuen partidua atzo eguerdian etxean. Talde txuribeltzak pare bat aukera garbi eduki zituen lehen zatian, baina ezin izan zituen horiek errematatu. Lehena, Eimilen erdiraketa baten ondotik, Escobarri gora joan zitzaion eta bigarrenean ere, Muñozi gauza bera pasatu zitzaion. Kontrolpean zuen Real Unionek partidua, baina orduan jardunaldiko jokaldi polemikoa etorri zen, neurketa guztiz baldintzatu zuena. Epaileak penaltia agindu zuen, Ivan Perezek korner batean baloia eskuekin ukitu zuelakoan. Pibek penaltia jaurti eta atean asmatuta Arenteiro aitzindu zuen markagailuan. Etxekoek jokaldian eskurik ez zela egon aipatu zuten, baina ezin izan zuten deus ere egin horren aitzinean.
Bigarren zatiaren hasieran, Arenteirok bigarren gola sartzeko aukera ere aprobetxatu zuen eta 0-2koa ezarri zuen bere alde markagailuan. Irundarrek zenbait aldaketa egin zituzten zelaian eta bertze pare bat aukera ere eduki zuten, gauzatu ez zirenak. Hala ere, 85. minutuan, Peru Ruizek talde txuribeltzaren lehen gola lortu zuen, baina hau ez zen nahikoa izan partidua berdintzeko.
Horrela, 1-2ko markagailuarekin, puntual Galiziara joan ziren eta Real Unionek orain, heldu den larunbatean (urtarrilaren 27an) garaipena eskuratzeko bertze aukera bat edukiko du Tarazonan, Tarazonaren konta (16:00).
(Argazkia: Barbara Duarte Fotografia)