REAL UNIONEK PORROTA JASO ZUEN A MALATAN

2022/03/14
REAL UNIONEK PORROTA JASO ZUEN A MALATAN
El Ferrol Racing 2
1 Real Union Club Irun

Talde txuribeltzari berdinketak ihes egin zion azken minutuan eta 2-1eko markagailuarekin galdu zuen El Ferrolen aurka

Real Unionek larunbatean jokatu zuen denboraldiko 27. Jardunaldia El Ferrol taldearen aurka. Nahiz eta ez ziren ongi hasi, irundarrek berdinketa lortu zuten bigarren zatian. Hala ere, partiduaren azken minutuan etxeko taldeak bigarrena sartu eta porrotarekin bueltatu ziren txuribeltzak etxera.

Lehendabiziko zatia hasi eta bigarren minutuan aurreratu zen El Ferrol, Kevin Presak sartutako gol batekin. Etxeko taldeak korner bat atera eta gero, Presak area kanpotik baloia jaurti eta Irazustaren gainetik pasatu zen. Markagailuan 1-0ekoa ezarrita, hurrengo minutuetan El Ferrolek egin zituen aukera gehienak. Hala ere, Irazustak lan ona egin zuen atea zaintzen eta bi taldeen arteko aldea zabaltzea ekidin zuen.

Bigarren zatian berriz, txuribeltzek jokoan sartzea lortu zuten eta hirugarren minutuan berdintzeko unea iritsi zen, baita hori lortu ere. Alain Oyarzunek ezkerretik bota zuen kornerra eta Gorka Kijerak buruz errematatu zuen, 1-1ekoa markagailuan ipiniz. Real Unionek, orduan, partiduaren amaierara arte gogor borrokatu zuen emaitza hori mantentzeko, eta beraien lana etxeko taldearen erasoak deuseztatzea izan zen. Lortu zutela uste zutenean aldiz, Nietok El Ferrolen bigarren gola eskuratu zuen neurketaren azken minutuan, area kanpotik egindako jaurtiketa batekin. Horrela, 2-1ekoarekin galdu zuen Real Unionek.

Aitor Zulaika entrenatzaileak aipatu zuen moduan, “pena bat mutilek lan ikaragarria egin zutelako, denak zelaiaren barruan dena eman behar izan zuten. Orain, burua altxatu eta larunbateko partiduan pentsatu behar dugu, izan ere, beste partidu zail bat izango dugu”. Gorka Kijera eguneko goleatzaileak ere futbola horrela izanda, indarberritu eta hurrengo neurketari begiratu behar dutela onartu zuen: “Akatsak ikusi behar ditugu berriz ere ez errepikatzeko, eta hortik aurrera, hurrengo partiduan hiru puntuen bila joan. Horretarako, aste ona egin behar dugu eta ongi prestatu behar gara”.