REAL UNIONEK OSASUNA GARAITU ZUEN GALEN

2022/12/12
REAL UNIONEK OSASUNA GARAITU ZUEN GALEN
Real Union Club de Irun SAD 1
0 Osasuna Promesas

Chema Nuñezek luzapenean sartutako golari esker, talde txuribeltzak hirugarren garaipena jarraian eskuratu zuen

Real Unionek hirugarren garaipena jarraian eskuratu zuen atzo Stadium Galen Osasuna Promesas taldearen kontra. Hutsean berdinduta bukatu ziren neurketaren 90 minutu ofizialak, baina luzapenean aurreratu zen etxeko taldea, Chema Nuñezek sartutako golarekin. Hiru puntuak beraz, Irunen gelditu ziren.

Jardunaldiko lehen aukera Osasunak eduki zuen, baina baloiak zutoinaren kontra jo zuen. Horren ondotik, Real Union izan zen nagusia lehen zati guztia zehar. David Movillaren mutilek eduki zituzten aukera gehienak markagailuan aurreratzeko, nahiz eta azkenean ezin izan zituzten errematatu. Sei abagune sortu zituzten guztira lehen 45 minutuetan, baina horietako bakar bat ere ez zen sarean sartu. Gola sartzeko aukerarik garbiena Alain Oyarzunena izan zen, lehen zatiko 34. minutuan. Erdilariak area barrutik jaurtiketa egin zuen, baina atezainak baloia ongi gelditzeko aukera izan zuen. Horrela, hutsera berdinduta iritsi ziren bi taldeak atsedenaldira.

Osasuna Promesas-ek ez zuen aukera galdu nahi eta bigarren zatian indarrez atera zen zelaira, markagailuan aurreratzeko asmoz. Lehen zatian ez bezala, aukera guztiak nafarrek sortu zituzten, eta oraingo honetan Irazustari lan egitea egokitu zitzaion. Atezain irundarrak bere betebeharra egin eta gol aukerak deuseztatu zituen, geldiketa on batzuen ondotik. Horrela, hutsean bukatu ziren 90 minutu ofizialak. Hala ere, luzapenean borrokan segitu zuten bi taldeek eta orduan izan zuten etxekoek aurreratzeko aukera. 93. minutuan, Chema Nuñezek jaurti zuen baloia eta 1-0eko ezarri zuen. Osasunak ez zuen astirik izan markagailu honi buelta emateko eta beraz, puntuak David Movillaren taldearentzat izan ziren.

Garaipen berri honekin, astea borobiltzea lortu du Real Unionek. Hiru garaipen jarraian erdietsi ondotik, 22 puntu batu ditu guztira sailkapenean eta 12. postuan kokatu da talde irundarra. Datorren asteburuan, Barcelona B taldea bisitatu beharko dute. Neurketa larunbatean (abenduaren 17an) jokatuko da, arratsaldeko 19:00etan.

(Argazkia: Osasuna)