REAL UNIONEK OMENALDIA ESKAINIKO DIO RICARDO JIMENEZI
Aitortza igandean (irailaren 1ean) eginen zaio, Stadium Galen, Real Union eta Celta Fortuna taldeen arteko neurketaren atarian
Real Unionek klubeko medikua izandako Ricardo Jimenezi omenaldia eskainiko dio igande honetan, irailaren lehenean, Stadium Galen, talde txuribeltzaren eta Celta Fortunaren arteko neurketaren atarian. 33 urteren ondotik, Jimenezek pasa den ekainaren 30ean bukatu zuen Real Unionekin zuen lotura.
Ricardo Jimenez Medikuntzan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean (1978) eta Kirol Medikuntzan espezializatu zen. 1991ko uztailean hasi zen Real Unionen lanean eta 33 urteren ondotik, pasa den ekainaren 30ean bukatu zuen klubarekin zuen lotura, bertako zerbitzu medikuen arduradun gisa egiten zuen lana alegia. Urte guzti horietan Jimenezek Real Unionen hainbat garaipen bizi izan ditu, hala nola, Errege Kopako final-zortzirenetarako txartela lortzea 2008an, Real Madril bi partiduetan kanporatu ondotik, baita 2009an Bigarren A mailara igoera edo 2015ean lortutako RFEF Kopa ere.
Real Union eta Celta Fortunaren arteko neurketa irailaren lehenean ospatuko da, Stadium Galen, 18:00etan. Horren aitzinetik eskainiko dio klub txuribeltzak Ricardo Jimenezi omenaldia.