Real Unionek Mikel Llorente ordezkatuko du

2024/12/03
Azken bost partiduetan puntu bakarra erdietsi ondotik, talde txuribeltzak entrenatzaile hondarribiarra ordezkatzeko erabakia hartu du. Aimar Sagastibeltzak eta Jorge Alvarezek ere ez dute talde teknikoan segituko.
Real Unionek Mikel Llorente ordezkatuko du

Real Unionek jakitera eman duenez, Mikel Llorentek ez du Real Uniongo lehen taldeko entrenatzaile izaten segituko. Denboraldia ongi hasi bazuten ere, azken bost jardunaldietan puntu bakarra eskuratu du talde txuribeltzak eta klubak hori aldatzen saiatzeko erabakiak hartu ditu. 

Gaur goizean jakinarazi omen dio Real Unionek Llorenteri berria. Honekin batera, Aimar Sagastibeltza bigarren entrenatzailea eta Jorge Alvarez prestatzaile fisikoa ere ordezkatuko du klub txuribeltzak. Hamabost jardunaldiz egon dira lanean hiruak lehen taldearekin eta denboraldia ongi hasi bazuten ere, azken asteetan emaitza txarren boladan murgildu dira. Batez ere kanpoan lortutako emaitza kaskarrak kezkatzen du kluba, baita hartutako gol kopurua ere. Lehen itzulia bukatzeko, lau neurketa gelditzen zaie eta orain arte, 17 puntu batu ditu guztira talde irundarrak, jeitsiera postua suposatzen duen hamazazpigarren postuan kokatuz momentu honetan. 

Bilbao Athletic taldearen atarikoan aldatuko du Real Unionek entrenatzailez, emaitzak hobetzeko helburuarekin. Azken denboraldietan ohikoak izan dira honako aldaketak klub txuribeltzean, lana ez denean behar bezala ateratzen. Azken bi denboraldietan, sei entrenatzaile pasatu dira Stadium Galetik eta Mikel Llorenteren ordezkoa zazpigarrena izanen da.