Real Unionek laugarren garaipena segidan lortu zuen Stadium Galen
Real Unionek laugarren garaipena segidan lortu zuen atzo eguerdian Stadium Galen, Unionistas de Salamanca taldeari 3-2ko markagailuarekin irabazita. Jardunaldiko hiru puntuak poltsikoratuta, sailkapeneko zortzigarren postura igo da talde irundarra, 32 punturekin guztira.
Real Unionek ez zuen behar bezala hasi asteburuko jardunaldia, Unionistas de Salamancak laugarren minutuan lortu baitzuen lehen gola. James Wright Gorka Santamariak jaurtitako penaltia gelditzeko gai izan zen, baina aldaratzean Jordi Turrek lortu zuen 0-1ekoa ezartzea. Edonola ere, azkar erantzun zuten etxekoek eta lau minutu beranduago, banakoa lortu zuen Javi Dominguezek. Atsedenaldira berriz, 1-2koarekin joan ziren bi taldeak, 23. minutuan Santamariak sartutako golari esker. Hala ere, Salamancako taldea bat guttiagorekin gelditu zen bigarren zatirako, Carlos Garciak Sergio Benitori eusteagatik jasotako bigarren txartel horiaren ondorioz.
Bigarren zatian indarberrituta zelairatu zen etxeko taldea eta zortzigarren minutuan lortu zuen partidua berriz ere berdintzea. Joseca Marquezek sartu zuen taldearen bigarren gola buruz errematatutako korner baten ondortik eta honela, binakoa ezarri zuen markagailuan. Lanean segitu zuen Albert Carbóren taldeak eta hirugarrenaren bila aritu ziren lortu arte. Bisitarien defendatzaile batek Koldo Obietari heldu zion area barruan eta epailak penaltia adierazi zuen. Hau ongi aprobetxatuz, Quique Riverok ez zuen hutsik egin eta taldeari garaipena eman zion gola sartu zuen.
Jardunaldiko hiru puntuak poltsikoratuta, Real Union sailkapeneko zortzigarren postua igo da, 32 punturekin guztira. Hurrengo asteburuan, Celta Fortuna bisitatuko du talde txuribeltzak, igandean (otsalaren 16an), 16:00etan.