REAL UNIONEK JON ANDER PEREZ FITXATU DU
Jokalari gasteiztarra SD Logroñes taldetik dator klub txuribeltzera
Real Unionek prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez, Jon Ander Perez gasteiztarra izango da talde txuribeltzeko jokalari berria. SD Logroñosetik dator Perez eta denboraldi baterako kontratua sinatu du Aitor Zulaikak entrenatzen duen taldearekin, beste urtez batez luzatzeko aukerarekin.
Talde irundarra datorren denboraldiko plantilla osatzen hasia da eta Jon Ander Perezen fitxaketarekin egin du lehenik. 32 urteko jokalari gasteiztarra SD Logroñes taldean aritu da azken urtean eta bertan, 35 neurketa jokatu ditu guztira, RFEF Ligako 34 eta Errege Kopako bat. Partida guzti horietan zortzi gol sartu ditu.
Ibilbide luzea du Jon Ander Perezek, izan ere, Aurrera de Vitoriatik hasi eta Vitoria, Beasain, Amorebieta eta Real Racing Club taldeetan aritu da, SD Logroñes taldean bukatu aurretik. Gasteiztarra pozik azaldu da Real Unionekin sinatutako kontratu honekin: “Pozten naiz hemen egoteaz. Hasieratik, Real Unionera etorri nahi izan dut eta honek ilusioa egiten dit. Urte polita izatea espero dut eta elkarrekin ezarritako helburuak lortzea”.