Real Unionek irabazi du Zubietako derbia

2015/09/26
Real Unionek irabazi du Zubietako derbia

REAL SOCIEDAD B: Bardaji, Ibarbia, Prieto, Ugarte, Babic, Sanz (Olabe, 82'), Odriozola (Muguruza, 60'), Guridi (Sangalli, 77'), Bautista, Oiarzabal, Merquelanz.

REAL UNION: Irazustabarrena, Urkizu, Azkoiti, Aimar, Ribera, Rodellar (Iriondo, 79'), Martins, Ozkoidi (Barrón, 73'), Juan, Eizmendi (Romo, 84'), Galán.

GOLAK: 1-0: Juan Domínguez (44'). 2-0: Martins (66'). 3-0: Galán (68').

EPAILEA: álvarez Fernández. Txartel horiak: Ugarte eta Muguruza (Real Sociedad B).

Joko ikusgarriaren beharrik gabe ere irabazten dakiela erakutsi du Real Unionek. Zubietako derbia irabazi eta beste hiru puntu bildu ditu. Eraginkortasun handia izan du Aitor Zulaikaren taldeak, hiru aldiz jaurti baitu baloia zutoinen artera. Gainerakoan, zorroztasun taktikoa, esperientzia eta sendotasuna baliatu ditu garaipena eskuratzeko.

Hasi bezain pronto eman du lehen abisua Real Unionek. Langatik hurbil pasa da Aimar Sagastibeltzaren errematea, 3.minutuan. Hala ere, lehen zatian zehar Sanserena izan da baloiaren jabetza. Txuribeltzen presioa ez da itogarria izan, eta eroso aritu dira donostiarrak jokoan. Momentu onak izan dituzte, baina ez dira gai izan Jon Irazustabarrena atezaina estutzeko. Unionek, berriz, jokaldi isolatu bati etekin handia atera dio azken minutuan. Juan Domínguezek aurretik jarri du talde irundarra aldaratzean.

Bigarren zatiaren erdialdera, norgehiagoka erabaki du Real Unionek. Bi gol sartu ditu segidan. Lehena Martinsek egin du, jaurtiketa eder batekin. Hurrengo jokaldian, penalti inozoa egin dio Ugartek Galani. Aurrelari nafarrak berak sartu du hirugarren gola. Hortik aurrera, ezinean aritu da filial txuri-urdina, aurkari sendo baten kontra. Ez da gai izan Unionen erabateko kontrola ezbaian jartzeko. Sailkapenaren burura hurbildu da Real Union Zubietako garaipenari esker.