Real Unionek irabazi du talde historikoen arteko lehia
REAL UNION: Txusta, Urkizu, Azkoiti, Aimar, Morcillo, Rodellar, Martins, Mujika (Ozkoidi, 73'), Alonso (Iriondo, 80'), Eizmendi (Barrón, 85'), Galán.
ARENAS: Talledo, Pablo Pérez (Beto, 74'), Zabaleta, Zumalakarregi, Bergara, Oya (Javi López, 70'), Aitor Ramos, Txopi, Dopi, Aranbarri, Infante (Ibon López, 61').
GOLAK: 1-0: Alonso (53'); 2-0: Galán (69').
EPAILEA: Héctor Bustos. Txartel horiak: Rodellar (Real Union); Aitor Ramos (Arenas).
Getxoko Arenas hartu du Real Unionek Stadium Galen. Talde irundarra bezala, Ligaren sortzaile izan zen Arenas 1928/1929an. Kopa irabazitako taldea ere bada. Urteak eman ditu Hirugarren Mailan, joan den denboraldian 2.Bra igotzea lortu zuen arte. Ondo hasi du liga Arenasek, baina kale egin du Galen. Neurketa serioa egin du Unionek, eta kontrolpean izan du ia une oro. Lehen zatian, gol aukerak sortzea falta izan zaio. Sendo ibili da defentsan, baina erasoan ez du Arenas estutzeko modurik aurkitu. Azken ordu laurdenean heldu dira aukerarik onenak. Urkizuk eskuinez egin duen jaurtiketa, lehenengo, eta Galanen burukada ondoren.
Bigarren zatian beste urrats bat eman dute txuribeltzek aurrera, eta saria eskuratu dute. 53.minutuan, Mikel Alonsok abantaila eman dio etxeko taldeari, Galanen erdiratzea buruz errematatuta. Golak arnasa eman dio Real Unioni, eta fin ibili da hurrengo minutuetan. Ordu laurden beranduago, bigarren gola sartu du Galanek. Atezainaren gainetik pikatu du baloia aurrelari nafarrak. Maldan gora jarri zaio norgehiagoka Arenasi, eta aurrera egin behar izan du golaren bila. Ondorioz, hutsuneak utzi ditu, eta Unionek hirugarrena sartzeko abaguneak izan ditu. Ezker hegaletik iritsi da arriskurik handiena, Eizmendiren eta Morcilloren eskutik. Azkenean, hirugarren gola sartu ez badu ere, garaipen argia lortu du Real Unionek.