Real Unionek hiru puntu garrantzitsu poltsikoratu ditu etxean

2025/04/14
Bigarren zatian sartutako hiru golei esker, Real Unionek 3-0 irabazi zion atzo eguerdian Lugo, Stadium Galen jokatutako neurketan. Hiru puntu gehiago batuta, talde txuribeltzak Lugo gainditu egin du sailkapenean eta puntu bateko abantaila atera dio.
Real Unionek hiru puntu garrantzitsu poltsikoratu ditu etxean
Real Union Club 3
0 CD Lugo

Real Unionek 3-0 garaitu zuen atzo eguerdian Lugo, Stadium Galen jokatutako neurketan. Jardunaldiko hiru puntuak poltsikoratuta, talde txuribeltzak aurkaria gainditu du sailkapenean, puntu bateko abantaila hartuta, baita gol-averagean ere. 

Golik gabeko lehen zati bat jokatu ondotik, bigarren zatian iritsi ziren Real Unionen hiru golak. Hasi era hamar minutura lortu zuen Iñaki Olaortuak lehena. Geldikako jaurtiketa bat izan zen, Iker Bilbaok korner batetik atera zuen eta Olaortuak buruz sare barrura bota zuena. Hamar minutu beranduago, Quique Riverok penaltiz sartu zuen jardunaldiko bigarren gola. Lugoko defendatzaile batek area barruan heldu zion Koldo Obietari eta epaileak penaltia erabaki zuen. Riverok bota zuen jaurtiketa eta ez zuen hutsik egin, 2-0ekoa ezarri zuen etxekoen alde. 

Neurketa ia erabakita zegoenean, Dani Garridok sartu zuen hirugarren eta azken gola, behin-betiko garaipenarena. 81. minutuan, errioxarrak baloi luze bat kontrolatu eta sare barrura sartzea lortu zuen, korrikaldi itzela egin ondotik. 3-0eko behin-betiko emaitzarekin, Real Unionek jardunaldiko hiru puntuak poltsikoratu zituen, hain zuzen ere Lugori sailkapenean gaindituz. Puntu bateko abantaila hartu du aurkari zuzen honen aldean eta gol-averagean ere aurrea hartu dio. 

Honen ondotik, Real Unionek FC Barcelona “B” hartuko du berriz ere Stadium Galen, igandean (apirilaren 20an), 20:00etan.