REAL UNIONEK HIRU PUNTU ESKURATU ZITUEN ATZO
Txuribeltzak Stadium Galen aritu ziren atzo Valladolid Promesas taldearen aurka, eta 2-1eko markagailuarekin irabazi zuten
Atzo arratsaldean ospatu zen Stadium Galen Real Union eta Valladolid Promesas taldeen arteko norgehiagoka. Partidu hau atzeratutako denboraldiko 21. jardunaldia zen, eta etxekoek arrakastarekin amaitu zuten neurketa, aurkariak 2-1eko markagailuarekin mendean hartuz.
Partidua hasi eta Real Unionek izan zituen lehendabiziko aukerak gola egiteko, baina ezin izan zituzten horiek errematatu. Valladolidek berriz, 33. minutuan, baloia sarera sartzea lortu zuen, Nieto jokalariak egindako jaurtiketarekin, eta 0-1ekoa jarri zuen markagailuan. Etxeko taldeak ez zuen amore eman eta, lau minutu beranduago, berdinketa eskuratu zuen Kijerak area kanpotik botatako baloi batekin.
Bigarren zatian, Real Union gogoz atera zen zelaira eta aurkariaren atera hurbildu zen gehiago eta markagailua bere alde jartzen saiatu zen, baina lehenengo aukeretan ez zuen arrakastarik eduki. Valladolidek ere aukera izan zuen bigarren gola eskuratzeko, baina Sequeirak baloia gelditzea lortu zuen. Neurketa amaitzeko zazpi minutu geratzen zirenean berriz, Sanchezek ezker hegaletik erdiratu eta Llamasek gola sartu zuen, 2-1ekoa markagailuan jarriz. Hortik aurrera, Real Unionek emaitza mantendu eta partidua irabaztea lortu zuen, hiru puntu gehiago bereganatuz sailkapenean.
Aitor Zulaikak aipatu zuen moduan, txuribeltzek “markagailua eta jokua irauli” zituzten eta “honek oso ondo hitz egiten du jokalarietaz. Meritu itzela du talde honek eta horrela aurre egingo diogu Calahorrako partiduari hurrengo hiru egun t´erdi hauetan”, gaineratu zuen.
(Argazkia: Haimar Marcos)