REAL UNIONEK GARAIPEN GARRANTZITSUA LORTU ZUEN ASTEBURUAN

2021/12/06
REAL UNIONEK GARAIPEN GARRANTZITSUA LORTU ZUEN ASTEBURUAN
CD Tudelano 0
2 Real Union

Irundarrek 0-2ko markagailua erdietsi zuten atzo Tudelanoren aurka, beste hiru puntu gehituz sailkapenera

Real Unionek atzo jokatu zuen bere hamabostgarren jardunaldia, Ciudad de Tudela zelaian, Tudelano taldearen aurka. Neurketa guztian zehar, eguraldia eta haizea etsai izan bazuten ere, irundarrek 0-2ko markagailuarekin egin zuten etxera buelta, hiru puntu garrantzitsu sailkapenera gehituz.

Eguraldiak baldintzatutako jardunaldia izan zen atzokoa. Eguraldi txarrak eta haize bortitzak ez zuten inolaz ere lagundu neurketa errazten, ezta zelaiaren egoerak ere. Izan ere, guztiz lokaztua eta putzuz betea aurkitu zuten irundarrek Tuterako berdegunea. Hala ere, Aitor Zulaikak beti aipatzen duen moduan, txuribeltzek ez zuten aitzakirik bilatu eta ahal zuten indar guztiekin jokatu zuten norgehiagoka.

Lehen zatian, zenbait aukera garbi izan zituzten gola sartzeko, baina ezin izan zituzten aprobetxatu. Atsedenaldira beraz, 0-0ko emaitzarekin ailegatu ziren bi taldeak. Bigarren zatian berriz, baloiak Tudelanoren ate barrura sartu ziren, lehendabizikoa 72. minutuan. Kijerak erdiraketa egin zion Capeleteri eta honek errematatu nahiean, baloia jaurti eta Diego Royo etxeko jokalariak bere atean sartu zuen gola. 13 minutu beranduago, Aitor Seguinek baloia erdiratu eta Sergio Llamasek buruz kolpea emanda, 0-2ko markagailua lortu zuten Real Unionentzat.

Aitor Zulaika entrenatzaileak partiduaren ondoren adierazi zuen moduan, “lehen zatian oso baldintzatuta egon gara hiru gauzengatik, haizea, zelaia, eta taktikarengatik. Bigarren zatian, haizeak gelditu du eta hobeto egon gara. Aurkariaren areara gehiago ailegatu gara. Gola etorri denean, hortik aurrera ondo jokatzen jakin dugu”.

Gorka Kijera jokalaria ere pozik azaldu zen egindako lanarekin: “Sufritzen badakigula eta talde sendoa garela erakutsi dugu. Pozik egoteko partidua izan da. Hobetu beharra daukagu, baino erakutsi dugu baldintza txarretan badakigula sufritzen. Taldea pozik dago bai garaipenarekin, eta baita irabazitako moduarekin ere”.

Hurrengo jardunaldia

Real Unionek hurrengo larunbatean izango du hamaseigarren jardunaldia jokatzeko aukera. Oraingo honetan, Stadium Galen ospatuko da neurketa, arratsaldeko 17etan, Racing de Ferrol taldearen aurka. Irundarrek norgehiagoka hau sailkapeneko bostgarren postuan hasiko dute, 26 puntu batu eta gero.

(Argazkia: Silvia Martinez)