REAL UNIONEK GARAIPEN BATEKIN AMAITU DU DENBORALDIA

2022/05/30
REAL UNIONEK GARAIPEN BATEKIN AMAITU DU DENBORALDIA
Real Union Club de Irun SAD 3
1 CD Tudelano

Tudelano taldea 3-1eko markagailuarekin menderatu bazuen ere, azkenean ez zuen play-offetarako txartelik lortu

Pasa den larunbatean, Real Unionek denboraldiko azken neurketa jokatu zuen Stadium Galen. Garaipena beharrezkoa zuen play-offetara sartzeko aukera edukitzeko, eta Tudelano 3-1eko markagailuarekin menderatu bazuen ere, beste taldeen emaitzak mailaz igotzeko azken fase horretatik kanpo utzi ditu txuribeltzak, baita Errege Kopatik kanpo ere.

Lehen zatiaren hasieran, bi taldeek aukerak izan zituzten markagailua irekitzeko, baina ezin izan zituzten errematatu. Ordu erdira aldiz, etxeko taldea izan zen aurretik jarri zena. Bravok sartutako golari esker, Real Unionek 1-0ekoa jarri zuen markagailuan. Lau minutu beranduago, 36. minutuan, Riverok bigarrena eskuratu zuen taldearentzat. Gainera, atsedenaldia iristeko hiru minutu geratzen zirenean, Riverok berriz ere penaltiz sartu zuen beste gola eta horrela, 3-0ekoarekin amaitu zuten lehen zatia.

Bigarren zatia hasita, Real Unionek beste gol bat eskuratzeko beharrean zegoen, play-offetarako postuak lortzeko. Saiatu bazen ere, ez zuen hau lortu eta gainera lana zaildu zitzaion aurkariak gola sartu zuenean. Gualdak, hain zuzen ere, 68. minutuan 3-1ekoa ipini zuen markagailuan. Orduan, etxeko taldeak bi gol behar zituen helburu bera lortzeko, eta abaguneak izan bazituzten ere, ezin izan zituzten hauek aprobetxatu.

Garaipenarekin, baina play-offetan sartu ezinik, Real Unionek denboraldia amaitu du. Maila mantentzeaz gain, txuribeltzek zortzigarren postuan amaitu dute urtea, 60 punturekin guztira. 18 garaipen eskuratu dituzte, sei berdinketa eta 14 porrot. Gainera, 51 gol batu dituzte beraien alde eta 45 kontra.

(Argazkia: Haimar Marcos)