Real Unionek ezin izan zuen Sanseren kontrako derbia bereganatu
Real Unionek 0-1eko markagailuarekin galdu zuen pasa den larunbatean Sanseren kontrako derbian. Neurketa oso lehiatua jokatu zuten bi taldeek, baina ia golik gabekoa. Azken minutura arte hutsera berdinduta ailegatu ziren bi taldeak, azken jokaldian Sansek gola lortu zuen arte. Gorka Carrerak sartu zuen garaipenaren gola eta horrela, jardunaldiko hiru puntuak eskuratu zituen talde donostiarrak.
Lehen zatian aukera bana izan zuten Real Unionek eta Sansek markagailua irekitzeko. Etxeko taldean izan zuen horietan lehena. Sergio Benitok, neurketaren ordu laurdenean, jaurtiketa egin zuen, baina aurkariaren defentsan baloia kornerrera bidali zuen. Sanse izan zen abagunea edukitzen hurrena, baina Job Ochiengek ez zuen James Wrighten aitzinean asmatu.
Bigarren zatia ere golik gabekoa izan zen eta azken minutuetara hutsera berdinduta ailegatu ziren bi taldean. Etxekoek bertze aukera bat eduki zuten garaipena eskuratzeko, Javi Dominguezek eskutik, baina Fragak geldiketa ona egin zuen. Luzapenean berriz, zorte gehiago izan zuen talde donostiarrak. Luzapenean, 93. minutuan, Gorka Carrerak jaurtiketa ongi bideratu eta atean asmatu zuen, 0-1ekoa ezarriz eta garaipena ere eskuratuz.
Honen ondotik, Real Union hamaikagarren postuan dago kokatuta, 32 punturekin. Heldu den larunbatean, martxoaren lehenean, talde txuribeltzak Amorebieta bisitatuko du.