REAL UNIONEK EZIN IZAN ZUEN OSASUNA GARAITU

2023/03/13
REAL UNIONEK EZIN IZAN ZUEN OSASUNA GARAITU
Osasuna Promesas 4
2 Real Union Club de Irun SAD

Talde txuribeltza izan zen gola sartzen lehena, baina nafarrek buelta eman zioten markagailuari eta eurentzat izan ziren jardunaldiko puntuak

Real Unionek ezin izan zuen Taxoaren punturik eskuratu. Lehen gola David Movillaren taldeak sartu bazuen ere, nafarrek berdindu eta markagailua iraultzea ere lortu zuten, aitzinetik jarriz eta 4-2ko emaitza lortuz behin-betiko. Iruñean gelditu ziren jardunaldiko puntuak eta talde txuribeltzak jaitsiera postuetan segitzen du.

Partidua hasi eta lehen aukera Osasunarena izan zen, bigarren minutuan, nahiz eta Irazustak ongi gelditu zuen eta beraz, ezerezean gelditu zen saiakera. Barberok ere abagunea eduki zuen, hamaikagarrenean, baina orduan ere ez zuen asmatu etxeko taldeak. 15. minutuan berriz, irundarren erantzuna iritsi zen. Alain Oyarzunek korner bat atera eta Valesek buruz errematatu zuen, baloia sare barrura sartuz. 1-0eko emaitza ezarrita, pozez jarraitu zuten neurketa Movillaren jokalariek. Hala ere, poztasunak gutxi iraun zien. 23. minutuan berdinketa ezarri zuen markagailuan Osasunak eta banako emaitzarekin iritsi zen neurketa atsedenaldira.

Bigarren zatian, 51. minutuan, bigarren gola eskuratu zuen etxeko taldeak eta, hamasei minutu beranduago, hirugarrena. 75. minutuan berriz, Luquek murriztu zuen markagailuko aldea eta 3-2koa ezarri zuen. Berdinketaren bila segitu zuen Real Unionek, baina ezin izan zituen aukerak errematatu. Gainera, Osasunak azken gola ere sartzeko abagunea izan zuen, luzapenean, eta azkenik, 4-2ko emaitzarekin bukatu zen jardunaldia.

Punturik gabe bueltatu zen Real Union etxera eta sailkapeneko jaitsiera postuetan segitzen du. Datorren asteburuan Barça jasoko du Stadium Galen, final baten modulo neurketa bati aurre egiteko.

(Argazkia: Osasuna)