Real Unionek ezin izan zuen bostgarren garaipena segidan lortu
Real Unionek ezin izan zuen Celta Fortuna garaitu atzo eguerdian. 2-1eko emaitzarekin galdu zuen talde txuribeltzak, nahiz eta lehen gola eurena izan eta markagailua euren alde jarri lehen zatian. Akats batzuen ondotik, lehen zatiko luzapenean lortu zuen emaitza iraultzea talde galiziarrak eta horrela, puntuak ere eurentzat izan ziren.
Real Unionek lehen zatiko 38. minutuan lortu zuen markagailuan aitzinetik jartzea. Sergio Benitok sartu zuen gola eta partidua euren alde jarri zuen. Iker Bilbaok baloi bat lapurtu zuen bere zelaian eta Aitor Aranzabe azkar atera zen kontrerasora. Zaldibiarrak eskuinera ireki zuen Victor San Bartolomeri pasatzeko baloia eta azken honek Sergio Benitori eman zion heriotzaren pasea partidako lehen gola egiteko. Hala ere, atsedenaldira bidean, lehen zatiko luzapenean, neurketa berdindu zuen Celtak. Aurkariak eskuin hegaletik egindako erdiraketa baten ondotik, Javi Dominguez baloia desbideratzen saiatu da, baina hau bere atean sartu zen eta gola etxekoei eman zioten. Hori guti balitz, hiru minutu beranduago, Jordi Escobarrek aukera aprobetxatu eta area txitik jaurti zuen baloia sare barrura, 2-1ekoa ezarriz.
Bigarren zatian, berdinketa bila zelairatu zen talde txuribeltza, baina ezin izan zituen aukerak aprobetxatu. Azken minutura arte borrokatu zuten, baina ezin izan zuten 2025eko bostgarren garaipena segidan lortu. Porrot honekin, Real Union hamaikagarren da sailkapenean, 32 punturekin. Honen ondotik, Real Sociedad B hartuko dute larunbatean (otsailaren 22an) Stadium Galen, elkarren kontrako derbia jokatzeko, (20:00).