REAL UNIONEK EZIN IZAN ZITUEN PUNTUAK BATU TAXOAREN

2024/04/28
REAL UNIONEK EZIN IZAN ZITUEN PUNTUAK BATU TAXOAREN
Osasuna Promesas 2
1 Real Union Club Irun

Benitok sartu zuen bigarren zatian talde txuribeltzaren gola, baina ez zen nahikoa izan Svenssonek sartutako biak berdintzeko

Real Unionek 2-1 galdu zuen atzo arratsaldean Taxoaren Osasuna Promesas taldearen kontra. Neurketa gehiena bat gehiagorekin jokatu bazuten ere, txuribeltzek ezin izan zioten nafarrei aurre egin eta ezin izan zuten Svenssonek sartutako bi golak berdindu. Benitok gol bat sartu zuen, baina ez zen nahikoa izan puntu bat eskuratzeko.

Lehen zatiko 23. minutuan ailegatu zen partiduaren norabidea markatu ahal izan zuen jokaldi. Osasuna Promesak gibelera bidali zuen baloia, baina haizeak motzean utzi zuen jaurtiketa eta Valenciak Cerdá bota zuen area aitzinean. Epaileak, mugimendu honengatik, nafar taldeko atezainari txartel gorria atera zion eta etxekoak bat guttiagorekin gelditu ziren. Atsedenaldira bidean, zenbait aukera izan zituen bi taldeetan markagailuan aurre hartzeko, baina ezerezean gelditu ziren.

Bigarren zatia hasi eta hamabi minutura, aitzindu ziren nafarrak. Svenssonsek, 57. minutuan, sartu zuen gola ezker hankarekin egindako jaurtiketa Irazustaren gainetik pasatutakoan. Jasotako kolpeari buelta eman baino lehen, Real Unionek bigarren gola jaso zuen jokalari beraren aldetik. Talde txuribeltzak segidan erantzun zuen eta, 63. minutuan, Benitok sartu zuen irundarren lehen gola. Azken ordu erdian, bertze hiru aukera izan zituen talde bisitariak neurketa berdintzeko, baina ezin izan zituzten errematatu. Horrela, 2-1eko markagailuarekin, hiru puntuak Iruñean gelditu ziren.

Hurrengo jardunaldia etxean jokatuko du Real Unionek, CyD Leonesaren kontra. Larunbatean izanen da, maiatzaren 4an, 19:00etan. Egun hori aprobetxatuko dute 1924ko Errege Koparen mendeurrena ospatzeko.

(Argazkia: Barbara Duarte Fotografia)