REAL UNIONEK EZIN IZAN ZION SD LOGROÑESI AURRE EGIN
Bigarren zatian emaitza berdintzeko aukerak izan zituen talde txuribeltzak, baina ez zuen atean asmatu
Real Unionek porrota jaso zuen atzo arratsaldean Las Gaunas zelaian, SD Logroñes taldearen aitzinean. Etxekoak nagusi izan ziren neurketa guztian zehar eta euren jokoa inposatu zuten, talde txuribeltzari ia aukerarik gabe utziz. Samanesek lehen zatian sartutako golari esker, puntuak Logroñon geratu ziren eta Real Unionek, orain, jeitsiera postuetatik aldentzeko borrokan segitu beharko du.
Lehen minututik agintzen hasi zen SD Logroñes. Partidua hasi eta hirugarren minutuan lehen gol aukera eduki zuten etxekoek, Emilioren eskutik, baina Irazustak geldiketa ona egin zuen. Ordu laurden pasatuta, berriz ere saiatu zen SD Logroñes taldea, eta berriz ere atezain txuribeltzaren eskuekin topatu zen. Honi erantzun nahiean, Santosek ezkerrez jaurtiketa egin zuen eta atera bidali zuen, baina atezain errioxarrak ere ezerezean utzi zuen saiakera hau. Atsedenaldira iristeko zazpi minuturen faltan berriz, SD Logroñesek 1-0eko markagailua ezartzea lortu zuen, Samanesek sartutako golari esker.
Bigarren zatian berriz, gehiago izan zen Real Union. Indarrak berreskuratu eta aukera gehiago sortu zituen zelaian. 50. Minutuan, errate baterako, Luquek izan zuen gola sartzeko abagunea, baina ez zuen lortu ate barrura sartzea. Hiru minutu beranduago, Seguin saiatu zen, baina buruz egindako jaurtiketa gora joan zen. Txuribeltzen azken aukera neurketa bukatzeko bost minutu falta zirenean etorri zen. Oyarzunek falta bat jaurti zuen, baina ez Montorok ezta Azkuek ere ez zuten errematatu.
Azkenik, garaipena SD Logroñes taldearentzat izan zen, baita jardunaldiko puntuak ere. Honen ondorioz, Real Unionek jeitsiera postuetatik aldentzeko borrokan hasi beharko du orain. Horretarako lehen aukera datorren igandean, martxoaren 5ean, edukiko du, CE Sabadell-en kontra Stadium Galen jokatuko duen neurketan hain zuzen ere (12:00).
(Argazkia: SD Logroñes)