REAL UNIONEK EZIN IZAN DU ALCOYANO GARAITU

2022/09/25
REAL UNIONEK EZIN IZAN DU ALCOYANO GARAITU
Real Union Club de Irun SAD 1
2 CD Alcoyano

Talde irundarrak 1-2 galdu du etxean CD Alcoyanoren aurka

Real Unionek 1-2ko markagailuarekin galdu du gaur eguerdian CD Alcoyanoren kontra jokatutako neurketan. Aitor Zulaikaren mutilak berdinketa lortu dute partiduko bigarren zatian, baina talde bisitariak beste gol bat sartuta, bostgarren jardunaldiko puntuak bereganatu ditu Stadium Galen.

Neurketa hasi eta hamaikagarren minutuan aurreratu da Alcoyano. Paradak Agüerori egindako penalti bati esker, Agüerok berak sartu du partiduko lehen gola. Real Union honi buelta ematen saiatu bada ere, lehen zatiko abagune guztiak aurkariarenak izan dira, nahiz eta honek ere ezin izan dituen aukera horiek errematatu.

Bigarren zatia, 0-1eko markagailuarekin hasi dute bi taldeek. Aitor Zulaikak atsedenaldian egindako bi aldaketak ongi etorri zaizkio talde txuribeltzari. Alde batetik, txartela hori zuen Jaso aldatu du Aranbururengatik. Beste aldetik, Agirre zelaitik atera eta Sanchez sartu da. Hain zuzen ere, azken hau izan da markagailura berdinketa ekarri duen jokalaria. 76. minutuan, area kanpotik baloia jaurti eta eskuadratik gola sartzea lortu du, 1-1ekoa ezarriz. Hala ere, lau minutu beranduago, Alcoyano berriz ere aurreratu da eta Casanovak sartutako bigarren golarekin, 1-2ko markagailuarekin bukatu da neurketa.

(Argazkia: Amaia Zabalo)