Real Unionek ez du punteria zorroztu
REAL UNION: Tena, Azkoiti, Ekhi, Esnaola, Urkizu, Rodellar (Martins, 65'), Alonso (Mujika, 84'), Estrada, Juan, Ozkoidi (Mario, 73'), Galán.
MENSAJERO: Ione, Ramos, Marco, Moreno, Jaime, Matias, Juanda, Rayco (Iriome, 85'), Ale González (Nacho, 87'), Yeray (Hernández, 80'), Alex Cruz.
EPAILEA: Fuente Martín. Txartel horiak: Azkoiti, Ekhi (Real Union); Juanda, Gabi (Mensajero).
Bost jardunaldi daramatza Real Unionek partidarik irabazi gabe. 2016ko azken laurak, eta 2017ko lehena. Norgehiagoka apala osatu badu ere, abagune argiak izan ditu talde txuribeltzak. Alabaina, ez du Mensajeroren atea zulatzea lortu. Baloiaren jabe izan da Real Union, eta kontrolpean izan du partida. Baina kosta zaio arriskua sortzea. Lehen zatiko aukera onena 41.minutuan iritsi da, Juan Domínguezi egin dioten falta batean. Donostiarrak berak egin du jaurtiketa, eta zutoinean jo du. Atsedenaldiaren aurretik, erantzuna emateko aukera izan du Mensajerok, Alex Cruzen jaurtiketa batekin.
Bigarren zatian abagune hobeak izan ditu Real Unionek. 52.minutuan Galanek ez du kontraerasoa borobiltzea asmatu. 59.ean, falta jaurtiketa langara bota du nafarrak. Neurketako azken bost minutuetan sartuta, aukera bikoitza eduki du Aritz Mujikak. Baina atezainak lehenengo, eta langak ondoren, txuribeltzen gola ekidin dute. Hogeita hamargarren puntua bildu du Real Unionek, Mensajeroren kontrako berdinketarekin. Sailkapeneko zazpigarren tokian dago, baina laugarrenak baino puntu bakar bat gutxiagorekin.