REAL UNIONEK EZ DU HAUSPORIK
Real Union hutsean bueltatu zen Valladolidetik, 1-0 galdu zuen Valladolid Bren aurka eta 28 punturekin promozio postuetan pixkanaka sakontzen hasiak dira
Real Unionek ez du asmatzen ate aurrean eta halakoa gertatzen denean pixkanaka-pixkanaka taldea sailkapeneko beheko postuetan sartu eta hondoa jotzen du. Atzo ere Valladolid Bren aurka 1-0 galdu zuten, neurketako lehen aukera Alain Eizmendirentzat izan zen, baina bakarrik atezainaren aurrean ez zuen gola egin. Gorka Etxeberriak zuzendu zuen Real Union, ez zuen emaitza ona ateratzeko aukerarik izan, 26.minutuan Kuki Zalazarrek baloia Real Unionen ateko sareetara bidali zuen neurketako gol bakarra gauzatuz.
Lehen zatia 1-0ekoarekin bukatu zen Valladolid Bren alde, etxeko taldeak baloiaren agintea hartu zuen eta Real Union kontra erasoak egiteko itxaron zuen. Sequeirak birritan etxekoen saiakerak zapuztu zituen, berdinketa lortzeko esperantza mantendu zuen Kosta Rikako atezainak, baina Eneko Eizmendik ez zuen gauzatu Real Unionek bigarren zati osoan izan zuen abagune soila.
Gauzak horrela eta arerioen emaitzak ikusita, Real Union 28 punturekin Unionistas taldearekin berdinduta jarraitzen du promozio postuetan eta Barakaldo hiru puntutara dituzte. Jardunaldiak aurrera doaz, Real Unionek ez du erreakzionatzen eta egoerak okerrera egiten ari da.