REAL UNIONEK ERREGE KOPAKO AMETSARI AGUR ERRAN DIO

2022/12/21
REAL UNIONEK ERREGE KOPAKO AMETSARI AGUR ERRAN DIO
Real Union Club de Irun SAD 0
1 RCD Mallorca

Mallorcak sartutako gol batek ezerezean utzi zuen talde txuribeltzak Errege Kopan aurrera egiteko zituen aukerak 

Ia 2.500 zaleen aitzinean jokatu zuten Real Unionek eta RCD Mallorcak Errege Kopako kanporaketa atzo arratsean. Etxeko taldeak aukerak eduki arren, jardunaldiko gol bakarra Mallorcako Dani Rodriguezek sartu zuen eta honekin, hurrengo faserako txartela ere eskuratu zuen Lehen Mailako taldeak.

Neurketa hasi eta hirugarren minutuan iritsi zen Mallorcaren lehen aukera. Dani Rodriguezek area kanpotik baloia jaurti zuen, baina Irazusta hau gelditzeko gai izan zen. Etxekoen erantzuna, aldiz, segidan iritsi zen. Seigarren minutuan, Alain Oyarzunek falta atera eta Ivan Perezek buruz errematatu zuen, baina baloiak ez zuen aterik aurkitu. Oyarzunek, hala ere, ez zuen amore eman eta ezker hankarekin bertze jaurtiketa bat egin zuen bi minutu beranduago, baina baloia gora joan zitzaion.

Golaren jokaldia 24. minutuan ailegatu zen. Montorok baloia galdu eta Dani Rodriguezek hartu zuen bere hanketan, 0-1eko markagailua lortuz. Real Unionek ez zituen besoak jeitsi orduan, eta berdinketaren bila joan zen. Atsedenaldira iristeko hamar minutu gelditzen zirenean, Alain Oyarzunek pasea egin zion Aitor Seguini, baina honek ezin izan zuen gola eskuratu.

Bigarren zatian, talde txuribeltzak bere ahalegin guztian egin zituen neurketa ez galtzeko. Joko ona erakutsi zuten eta partidaren azken lau minutuetan iritsi zen euren abagunerik garbiena. Chema Nuñezek Carlos Bravori pasatu zion baloia, bakarrik baitzegoen Greifen aitzinean. Hala ere, atezain aurkariak ongi irakurri zuen jokaldia eta baloia gelditzeko gai izan zen. Kontraerasoan gainera, Kadewerek bigarren gola eskuratu ahal izan zuen, baina kanpora joan zitzaion jaurtiketa.

Horrela, Mallorcak sartutako golari esker, Errege Kopako ibilbidea bukatu zaio Real Unioni. Hala ere, merituzko neurketak jokatu ditu orain arte eta ohorez jaso zuen atzoko porrota ere. Hemendik aitzinera, bi asteko oporraldia izanen dute David Movillaren mutilek eta urtarriletik hasita, Ligako partiduetan zentratu beharko dira, ahalik eta puntu gehien batzeko asmoz.

(Argazkia: Aimar Lasa)