REAL UNIONEK EIBARREN AURKA JOKATUKO DU LAGUNARTEKOA
Irundarrek Eibar jasoko dute Stadium Galen, bihar goizeko 11etan, lagunartekoa jokatzeko asmoarekin
Real Unionek Ligako atsedenaldia izango du asteburu honetan, baina lagunartekoa jokatuko du bihar Eibarren aurka. Partidu hau abenduan jokatu behar zen, baina eskualdean bizi zen osasun egoera zela eta, atzeratu egin zuten. Horrela, bihar ospatuko da norgehiagoka, urtarrilak 14 ostirala, goizeko 11etan Stadium Galen.
Irundarrak, aurreko asteburuko jardunaldiaren ondoren, aste guztia entrenatzen eman dute Ligako hurrengo neurketa prestatzeko asmoarekin. Biharko lagunartekoa jokatuta, asteburuan atsedena izango dute eta astelehenean martxan jarriko dira berriz ere, datorren larunbateko partidura ahalik eta maila onenean iristeko.
Aitor Zulaikaren mutilek urtarrilaren 22an izango dute hurrengo norgehiagoka Leonen, Cultural Leonesa taldearen aurka. Talde hau sailkapeneko 13. postuan dago kokatuta, Real Union baino zazpi puntu gutxiagorekin. Aurreko azarotik ez du neurketarik irabazi eta beraz, etxean jokatuko duten hurrengo partiduari gogoz ekingo diote, azken hilabetetako bolada txarrari buelta emateko. Real Union ere prestaketa gogorra eginda joango da Reino de Leon zelaira eta hauek ere etxetik kanpo dituzten emaitza onak mantendu nahiko dituzte bertan.
(Argazkia: Haimar Marcos)