Real Unionek denboraldiko lehen porrota jaso zuen Andorran

2024/10/07
Talde txuribeltzak 2-0 galdu zuen igande eguerdian Bigarren Mailatik jeitsi berri den Andorra taldearen kontra. Neurketa borrokatua izan bazen ere, astebetean Real Unionek jokatzen zuen hirugarren partiduan ezin izan zuen punturik bildu.
Real Unionek denboraldiko lehen porrota jaso zuen Andorran
FC Andorra 2
0 Real Union Club

Real Unionek denboraldiko lehen porrota jaso zuen atzo, igande eguerdian, Andorraren kontra. 2-0eko markagailuarekin, talde txuribeltzak ezin izan zuen punturik batu, nahiz eta partidu borrokatua jokatu eta golak sartzeko aukerak sortu. 

Bigarren Mailatik jeitsi berri den taldea bisitatu zuen Real Unionek. Andorra izan zuen aurkari eta 2-0eko emaitzarekin galdu zuen. Lehen aukera, hala ere, talde bisitariarena izan zen. Bederatzigarren minutuan, Sergio Benito saiatu zen markagailua bere alde jartzen, baina baloia gora joan zen. Bost minutu beranduago, Andorrak egin zuen lehen saiakera, baina Charly Perezek ongi gelditu zuen urruneko jaurtiketa. 35. minutuan berriz, etxekoek asmatu egin zuten. Luismik lortu zuen gola sartzea, ezkerreko zutoinaren ondotik pasatuta. Berdinketaren bila joan zen talde txuribeltza, baina Yeimar Mosquerak buruz egindako errematea kanpora joan zen. Atsedenaldia baino lehen, Real Uniongo atezainak 2-0ekoa ekidin zuen. 

Bigarren zatia hasi eta berehala, etxekoek bigarren gola sartzeko aukera aprobetxatu zuen. Alvaro Peñak atetik 25 metrora jaso zuen baloia eta sare barrura sartu ahal izan zuen, taldearentzat bigarren gola lortuz. Real Unionek ez zuen amore eman eta markagailuko tartea murrizteko ahalegina egin zuen. Sergio Benito saiatu zen gola sartzen, baita Quintana ere, baina ezin izan zuten lortu. 2-0eko markagailuarekin, denboraldiko lehen porrota jaso zuen Real Unionek, astebete batean jokatzen zuen hirugarren partiduan.