REAL UNIONEK DENBORALDIKO BIGARREN ITZULIARI HASIERA EMANEN DIO GALEN

2024/01/19
REAL UNIONEK DENBORALDIKO BIGARREN ITZULIARI HASIERA EMANEN DIO GALEN

Arenteiro jasoko du etxean, igandean (urtarrilaren 21ean) eguerdiko 12:00etan

Real Unionek Stadium Galen jokatuko du asteburu honetako partidua. Hain zuzen ere, igande honetan ariko da taldea, urtarrilaren 21ean, Arenteiroren kontra. Eguerdiko 12:00etan hasiko da partidua, eta zaila izanen bada ere, Iñigo Idiakezek bere taldean konfiantza duela erakutsi du.

Iñigo Idiakez entrenatzailea prentsaren aitzinean atera da Real Union eta Arenteiroren arteko partiduaren atarikoa egitera. Igandean ariko dira bi talde hauek elkarren kontra eta prestatzaileak erran bezala, “talde hagitz ona” izanen dute txuribeltzek aitzinean. “Talde konplikatua da, borrokalaria, eta zaila da haien aitzinean garaipena eskuratzea. Bloke ona dute, kalitatezko jokalariak”, gaineratu du.

Hala ere, Real Unionek ere ongi entrenatu duela onartu du Idiakezek: “Lanean ongi aritu gara. Taldeak badaki zer egin behar duen eta ongi dago. Gero ez dakigu partiduan zer gertatuko ote den, baina nik konfiantza dut taldearengan eta hiru puntuen bila joanen gara, dudarik gabe”. Honez gain, azken astean, jokoaren kalitate igotzeko helburuarekin, “lan karga pixka bat handitu” egin dutela aitortu du eta horren aitzinean jokalariek “ongi erantzun dutela”.

Azkenik, Marcos Lunaren etorrera izan du Iñigo Idiakezek hizpide. Irunera ailegatu denetik “kalitatezko jokalaria” dela erakutsi duela aipatu du entrenatzaileak eta “asko lagunduko” duela taldean. Jokalari berriekin eta talde teknikoa osatuta ere, prestatzaileak espero du bigarren itzulia lehena baino hobeki joatea.