REAL UNIONEK BINA BERDINDU ZUEN SANSEREN KONTRA URTEKO AZKEN PARTIDUAN

2023/12/18
REAL UNIONEK BINA BERDINDU ZUEN SANSEREN KONTRA URTEKO AZKEN PARTIDUAN
Real Sociedad B 2
2 Real Union Club

Lehen zatia irabazten ari zela bukatu zuen talde txuribeltzak, baina azken 45 minutuetan Sansek markagailua berdintzen jakin zuen

Real Unionek bina berdindu zuen urteko azken partiduan Sanseren kontra Zubietan. Lehen minutuetan jaso zuen lehen gola talde txuribeltzak, baina horri buelta ematen jakin zuen eta markagailua bereganatu zuen lehen zatiaren bukaerarako. Bigarren zatian berriz, Sansek bigarren gola sartu eta berdinketa ezarri zuen markagailuan.

Partidua hasi eta laugarren minutuan lortu zuen lehen gola Sansek, Real Unioni erantzuna ematera behartuz. Azkunek sartu zuen gola eta markagailua euren alde jarri zuen berehala. Edonola ere, Fran Justoren taldeak erreakzioa bilatu zuen, baita lortu ere. 13. minutuan, Solísek neurketa berdindu zuen, eta hori gutti balitz, bost minutu beranduago Vidorrek buruz egindako erremate batek ere atea aurkitu zuen. 1-2koarekin beraz, atsedenaldira ailegatu zen partidua eta talde txuribeltzak hiru puntuak hurbil zituen.

Bigarren zatiaren hasieran, jokoa errepikatu zen ordea. 52. minutuan Eder Garciak Sanseren bigarren gola sartu zuen, korner baten bidez, eta markagailua berdindu zuen horrela. Hortik aitzinera, bi taldeak garaipenaren bila joan ziren, baina ezin izan zituzten aukerak errematatu eta puntuak banatzen bukatu zuten urteko azken jardunaldia, gipuzkoar zaleei ikuskizun ona bermatuz.

Gabonetako atsedenaldia izanen dute orain, eta urtarrilaren 3an bueltatuko da Real Union lehiara. Etxean ariko da orduan, 19:00etan, Sestao River taldearen kontra, denboraldiko hemezortzigarren jardunaldian.

(Argazkia: Barbara Duarte Fotografia)