REAL UNIONEK BIHAR JOKATUKO DU ERREGE KOPAKO KANPORAKETA
Palencia Cristo Atletico taldearen aurka arituko da abenduaren 2an, arratsaldeko 20etan hasita, Nueva Balastera zelaian
Real Unionek bihar bidaiatuko du Palentziara Errege Kopako lehendabiziko kanporaketa jokatzeko asmoarekin. Azaroaren 18an egin zen partidu hauen zozketa eta bertan, Real Unioni Palencia Cristo Atleticoren kontra aritzea egokitu zitzaion, bertako Nueva Balastera zelaian, abenduaren 2an arratsaldeko 20etan hasita.
Palentziako taldea RFEF-ko bigarren mailan dago kokatuta, Real Union baino maila bat beherago. Hala ere, Aitor Zulaikak gaur bertan esan duen moduan hau ez da abantaila irundarrentzat: “Bigarren RFEFko talderik onenetakoa da azaroan. Ilusioz gainezka egongo dira. Entxufatuta ez bagaude, kontuz".
Zulaikak azken egun hauetan kontrako jokalariak eta beraien jokoa aztertu dituela aitortu du, eta “asko gustatzen zaidan joko proposamena duen taldea” dela gaineratu du, “sekulako taldea da, asko errespetatzen dugu Palencia Cristo Atletico”. Hau dela eta, nahiz eta hasiera batean garaipena lortzeko partidu erraz bat izateko itxura duen Real Unionentzat, entrenatzaileak aipatu du “partida batean edozer gauza gerta daitekeela”.
Irundarren biharko helburua “Errege Kopako kanporaketa pasatzea” da azpeitiarraren esanetan, eta horren bila joango dira Palentziara. Txapelketa hau “formatu oso politeko txapelketa” dela ere onartu du Zulaikak, historikoki “Real Unioni bizia eman diona” eta horregatik, “kanporaketa pasatzera joango gara, jakinda gauzak oso zail izango ditugula”, gaineratu du entrenatzaileak.
Real Unionek aste honetan bi neurketa izango ditu. Bata bihar, Palentziaren aurka, eta beste igandean, ligaren barruan, Tudelano taldearen kontra. Honek jokalariengan eragina izango duela eta partiduak baldintzatuko dituela aitortu du Zulaikak: “Biharko partidutik igandeko partidura 48 ordu eskas daude, eta frogatuta dago futbolean partidu bat jokatu ondoren neke gehiena sentitzen den momentua 48 ordura dela, eta horrek eragina izango du”.