Real Unionek bigarren garaipena segidan lortu zuen asteburuan etxean

2025/01/27
Alberto Carbóren mutilek 5-0eko markagailuarekin irabazi zuten asteburuan Galen, Gimástica Segovianaren kontra. Sailkapenean gora egiteko helburuari segika, puntuak batzen hasi dira txuribeltzak.
Real Unionek bigarren garaipena segidan lortu zuen asteburuan etxean
Real Union Club 5
0 Gimnástica Segoviana

Real Unionek 5-0 irabazi zuen, pasa den larunbatean Galen, Gimástica Segovianaren kontra. Denboraldi bigarren itzuliaren hasiera honetan taldeak lortzen duen bigarren garaipena da eta puntuak batzen hasi dira txuribeltzak honela. Sailkapeneko hamabigarren postuan daude orain kokatuak. 

Neurketa Real Unionen alde hasi zen segidan. Laugarren minutuan, Abel Pascualek Sergio Benitori heldu zion area zuzentzen ari zenean, eta epaileak txartel gorria atera zion lehen jokalariari. Honela, Gimástica Segoviana hamar jokalarirekin gelditu zen zelaian. Hori aprobetxatuta, zortzi minutu beranduago, talde txuribeltzaren lehen gola ailegatu zen penaltiz, Sergio Benitoren eskutik. Momentu berean, epaileak talde bisitariaren bigarren jokalaria konporatu zuen, Juan Silvak Finley Munroeren errematea eskuarekin gelditu zuelako. 

Aurkariak bederatzi jokalarirekin jokatu zuen partidu ia guztia eta ongi aprobetxatu zuen hau Real Unionek. 21. minutuan, taldearen bigarren gola ailegatu zen, Victor San Bartolomeren eskutik, eta 26. minutuan baita hirugarrena ere, Victor Eimilek sartua. 3-0eko markagailuarekin hasi zuten bigarren zatia eta bertze bi gol ere sartu zituen talde txuribeltzak, azken 45 minutuetan. Victor San Bartolomek sartu zuen bere bigarrena eta Dani Garridok jarri zuen 5-0eko behin-betiko markagailua. 

Garaipen honekin eta bertze hiru puntu batuta sailkapenean, Real Union hamabigarren postuan kokatu da, 26 punturekin, mailako bi neurketa bertan behera gelditu zirela kontuan hartuta. Heldu den astean, Barakaldo bisitatuko du talde txuribeltzak Lasesarren, igandean (otsailaren 2an), 12:00etan. Hain zuzen ere, Barakaldo izan zen Arenteiroren kontra asteburuko partidua jokatu ezin izan zuena.

Iker Bilbao jokalariek egin du partiduaren balorazioa.