REAL UNIONEK BERTZE HIRU PUNTU BATU ZITUEN TAXOAREN

2024/09/09
REAL UNIONEK BERTZE HIRU PUNTU BATU ZITUEN TAXOAREN
Osasuna Promesas 1
2 Real Union Club

Talde txuribeltzak 1-2ko markagailuarekin garaitu zuen Osasuna Promesas denboraldiko hirugarren jardunaldian

Real Unionek denboraldiko bigarren garaipena eskuratu zuen pasa den larunbatean Taxoaren, Osasuna Promesas taldeari 1-2ko markagailuarekin irabazita. Etxekoek hartu zuten aitzina partiduaren hogeigarren minutuan, baina Asier Benitok neurketa emaitza iraultzea lortu zuen, hiru puntuak lortuz talde txuribeltzarentzat.

Irungo taldea indartsu zelairatu zen Taxoaren, Osasuna Promesas taldearen kontrako denboraldiko hirugarren jardunaldian. Laugarren minutuan Rivero izan zen lehen saiakera egin zuena. Sergio Benitok eskuin hegaletik erdiratu zuen baloia eta Sergio Benitok kapitainari pasatu zion, nahiz eta azken honen jaurtiketa gora joan zen. Hamabigarren minutuan, Asier Benitok hartu zuen aitzineko protagonista berak egindako jokaldi errepikatuan pasatu zioten baloia eta honek ez zuen asmatu Valenciaren ate aitzinean.

Hemeretzigarren minutuan aldiz, kolpea ailegatu zitzaion Real Unioni. Epaileak Dominguezek Dani Sanchori egindako penaltia erabaki zuen eta Pablo Morenok ongi aprobetxatu zuen aukera. Penaltia ate barrura sartu eta 1-0eko ezarri zuen markagailuan. Edonola ere, talde txuribeltzak ez zuen amore eman eta, bost minutu beranduago, neurketa berdintzea lortu zuen. Dani Garridoren lerro artean egindako pasea Sergio Benitok hartu zuen eta Valenciak ongi desbideratu zuen jaurtiketa. Hala ere, aldaratzean, Asier Benitok lortu zuen baloia sarera bidaltzea eta berdinketa ezartzea. Hori gutti balitz, 36. minutuan, Asier Benitok berak Aranzaberen erdiraketa jaso eta bigarren gola sartu zuen, emaitza irauliz eta txuribeltzen alde jarriz.

Bigarren zatian, nafarrak markagailua aldatzen saiatu ziren eta aukerak ere sortu zituzten, baina ezerezean gelditu ziren. Real Unionek ere pare bat aukera gehiago izan zituen Osasunarekin zuen aldea handitzeko, baina ez zen posible izan. Azkenik, 1-2ko emaitzarekin bukatu zen partidua, Irungo taldearen alde, eta hauek bertze hiru puntu gehitu zituzten euren sailkapenera, bigarren postuan kokatuz.

Heldu den irailaren 15ean, igandean, etxera bueltatuko da Mikel Llorenteren taldea. Amorebieta jasoko du orduan, denboraldiko laugarren jardunaldia jokatzeko, 19:30ean.